Ebaluatzeko garaian, erreferenteak: normotipoak

Argitaratua: Monday, 4 October 2021, 6:51 PM
Erreferentea

Ebaluazioa dugu proposamen pedagogiko ororen funtsezko osagaietako bat. Horren adierazle da, esaterako, HEOCean ebazten den bigarren artikulua: HEOCa Agindu honen eranskinean zehaztutako helburuek, edukiek, ildo metodologiko nagusiek eta ebaluazio-irizpideek osatzen dute.

Ebaluazioa kontzeptua ahoan darabilkigunean, denok gauza berberaz dihardugula dirudien arren, badirudi fenomenoa ulertzeko hainbat modu daudela, eta, horrenbestez, zalantzan jar daiteke ea gauza berberari buruz ari garen. Ideiak eta kontzeptuak aurrez aurre jartzen baditugu, agian ikusiko dugu erreferente bakarra zirudiena mila zatitan apurtu dela. Eta bakoitzak bere usteak leialki islatzen dituen ispiluaren zatia aurkitu duela pentsatuko luke.

Alabaina, esanahi asko ditu ebaluazio hitzak, helburu ezberdinak, eta, esan beharrik ez dago, praktikara eramateko era askotako prozedurak. Horrela, ebaluazioaz aritzean, neurtu, erregulatu, kalifikatu, hautatu, gidatu, egiaztatu eta antzeko aditzak izango ditugu; zerrenda luzea ere ebaluazio-tipologia desberdinez dihardugunean: hasierakoa, diagnostikoa, formatiboa, sumatiboa, hezitzailea, batukaria, egiaztatzailea... Kontzeptu bakarra mahai gainean, baina hamaika adiera bere baitan biltzen dituena, garaiak, moduak, funtzioak edota ezaugarriak jokoan dituela.

Neurtu, kalifikatu, epaitu, egiaztatu… eremu semantiko berean izango badira ere, ez dute inoiz ebaluazioa ordezten. Horrexegatik da komenigarria kontzeptu horiek bereiztea, besteak beste, argitasun eza horrek ahalbidetzen dituelako oso praktika ezberdinak, guzti-guztiak ebaluazioaren izenpean burutuko direnak. Izan ere, irakasle jakin batek adierazi ez arren edota kontziente ez baldin bada bere zereginaren oinarrian ustekizun osoak daudela, bere jarduna esplizitu egin gabeko ustekizun horietan oinarritzen da, besteak beste, ikasgelako edozein jardun didaktikoren oinarrian, "teoria edo suposizio teoriko" gisa defini genezakeen abiapuntu-multzo bat dagoelako, deitu ustekizunak, deitu ikuspegia, deitu eskema bitartekariak.

Baina ebaluatu ahal izateko erreferentzia bat behar dugu, neurketan jasotako datuak konparatzeko erabiliko den erreferentea: normotipoa. Hau da, ikasleek bereganatua dutena ebaluatzeko eta irizpena osatzeko konparabidean erabiliko den elementua.

Horrela, oinarrizko hiru normotipo edota konparazio-marko azpimarratzen badira ere (normarekikoa, irizpideekikoa eta idiografikoa), bi multzotan banatzen dira, subjektuarekiko erreferentea kanpokoa denean, ebaluazioa nomotetikoa (normarekikoa eta irizpideekikoa) eta barrukoa denean, ebaluazio idiografikoa.

 Ebaluazio nomotetikoa. Konparatzeko erabiliko den erreferentea subjektutik kanpo dago. Bi motatakoak bereiz daitezke:

  • Normarekikoa. Ikastaldeak burututakoa bilakatzen da konparabide eta horren arabera ebaluatzen da subjektua izandako garapena. Konparazioa, talde horretan "normala" denarekiko ezartzen da. Adibidez, ikaslea taldearekiko zein egoeratan edota lekutan dagoen erabakitzeko baliagarria da. Horrelakoetan, baloratzeko erreferentea ikastaldeak zer menderatzen edota zer es duen menderatzen izango da, “azkarrak” eta “horren azkarrak” ez direnak azaleratuz. Oposizioetan ere antzekoa gertatzen da: hautagaien artetik onena aukeratzea izaten da kontua; hau da, bakoitza konparatzea gainerako guztiekin.
  • Irizpideekikoa: subjektua positiboki baloratua izateko bildu behar dituen ezaugarriak zehazten dira, aldez aurretik, erreferentzia-marko batean, eta horrekiko gauzatzen da ebaluazioa. Kanpoko marko hori izaten da irizpidea. Horrela, ikasleak bereganatua duena modu enpirikoan eta ahalik eta modu zehatzen, argien eta objektiboenean ezarritakoarekin erkatzen da. Esaterako, curriculumak ezarriak ditu maila bakoitzaren amaieran ikasleak izan beharreko gaitasun-maila eta horiek ebaluatzeko irizpideak.

Ebaluazio idiografikoa: ebaluatzeko erreferentea ikaslea bera da (gaitasunak, garapenerako aukerak…) Hasierako ebaluazio bat eskatzen du gerora ondorioztatzeko denbora jakin batean izandako aurrerabidea: garapenaren , hobekuntzaren, irabaziaren edo galeraren arabera baloratuko da. Beste normotipoetan ez bezala, honetan borondatea eta esfortzua balioesten dira, eta nagusiki, jarrera.

Ikusten denez, normotipo-mota bakoitzak ditu bere alde onak eta bere arriskuak. Eta horrexegatik, hain zuzen, irakaslearen curriculum-gaitasunak aginduko du, bere garaian, normotipo baten alde edo beste baten alde egitea.