Juan Ferrer: entzun diezaiogun elkarri

Argitaratua: Monday, 4 November 2024, 10:18 AM
Blogeko irudia

Dirudienez, oso erraza da elkarri entzutea, baina Juan Ferrer aholkulari eta hezitzaileak entzuteari buruzko azalpenak eman dizkigu bere blogeko artikulu honetan.  Juan Ferrer-ek dioenez, bizitza pertsonalean ez ezik, gainerako arloetan ere ez entzutea oso ohikoa da. Erakundeetan ere, oro har, gutxi entzuten diogu elkarri. Hierarkiak eta botereak belarriak itxiarazten dizkigute, askotan. Izan ere, presaka ibiltzearen eta denbora ezaren aitzakiarekin ez dugu entzuten gure gertuko lagun eta lankideek esaten dutena edo esan nahi dutena.

Seguru asko, denok uste dugu badakigula entzuten, baina, adituak dioenaren arabera, entzuten jakiteko honako jarduerak egiten jakin behar da:

      • Galderak egiten.
      • Informazioaren oinarria eta betelana bereizten.
      • Ideia berriei edo kexei kasu egiten. Askotan, kexei ez diegu kasurik egiten, kasu eginez gero, konpontzeko baliabideak eskuratu beharko ditugula edo arrazoia ematea esan nahi duela uste dugulako.

Juan Ferrer-en hitzetan, oso ohikoa da esatea edo entzutea norbaitek ez duela entzuten, baina sarritan ez gara konturatzen guk ere ez dugula entzuten. Baina nola dakigu norbaitek entzuten badakien?

    • Elkarrizketa bat mozten badu. Elkarrizketa bat mozteak esan nahi du elkarrizketa mozten duen pertsonari ez zaiola axola besteek esango dutena. Haren ustez, berak badaki besteak zer esango duen edo bere Egoa goratu eta elkarrizketatzaileen gainetik ezarri nahi du bere iritzia. Eta, gainera, ezin dugu ahaztu horrelako egoeretan oso ohikoa izaten dela beste pertsona mintzea.
    • Elkarrizketetan, iritzi desberdina izan arren, ez badu ezer galdetzen. Maiz, iritzi desberdinak ditugunean, gure iritzia nola edo hala gailentzea nahi izaten dugu. Batzuetan, ordea, parekoari galdera batzuk egin ondoren konturatzen gara gauza bera esan nahi dugula, baina beste hitz batzuk ari garela erabiltzen. Izan ere, zertarako eztabaidatzen dugu? ikasteko ala gure iritzia gailendu eta elkarrizketa irabazteko? Galderak eginez arazo horiek konpontzeko aukera dugu.
    • Elkarrizketetan, isilik egoten ez bada. Keinuak, hitzak, begirada… ikusteko aukera ematen digu isiltasunak: hau da, esaten dena eta esaten ez dena entzuteko aukera. Geure burua entzuteari utzi eta gainerakoak entzuten saiatu beharko genuke eguneroko elkarrizketetan.

Baina, ohartu bagara ez dakigula entzuten, nola ikas dezakegu entzuten, Juan Ferrer-en iritziz?

    • Lehenik, entzutean dugun helburua aldatu behar dugu. Izan ere, helburu nagusia bestea “konbentzitzea” izan beharrean bestearengandik ikastea bada, eta “irabazi” beharrean beste pertsona ondo sentiaraztea nahi badugu, gure jarrera eta moduak aldatu egingo dira.
    • Galdetzen ikastea da bigarren pausoa. Hainbat pertsona galdu egiten dira elkarrizketetan euren buruari bakarrik entzuten dietelako. Hori probatzeko modurik  onena honakoa galdetzea da: “barkatu, zer galdetu dizut?”. Eta, askotan, gure zoritxarrerako, konturatuko gara ez dutela gogoratzen zer galdetu diegun. Beraz, argi dago pertsona horiek beren buruari bakarrik entzun nahi diotela eta galderan eskatu ez diren xehetasunak ematen dituztela euren burua lasaitzeko asmo hutsez.
    • Interpretatzen ikastea. Behin baino gehiagotan gertatzen zaigu gauza bera esaten dugula hitz desberdinak baliatuz elkarrizketa batean eta ez garela konturatzen esan nahi dugun horretan alde txikia dagoela bataren eta bestearen esanen artean.
    • Pentsamendu desberdinei lehentasuna ematea. Iritzi desberdinak ditugunean, ez dugu zertan bat etorri, nahiz eta sarri bat egin gai askotan. Izan ere, iritzi desberdinak aberastasuna dira.
    • Besteen lekuan jarri eta entzutea. Bestearen lekuan jartzen bagara, bestearen edo gure inkoherentziez jabetuko gara, eta horretaz ohartzea ikasketa-prozesua izango da parte-hartzaile guztientzat.
    • Eta, azkenik, bakoitzak bere buruari entzutea ere ahaztu ezin dugun alderdia da, Juan Ferrer adituaren hitzetan.