Didakteka
"Entender y utilizar el Marco europeo de referencia desde el punto de vista del profesor de lenguas" liburua (Llorian, S.)
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Gakoak:
- Bisitak: 1353
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 1
2020an eman da ingelesez (eta frantsesez) argitara Europako Erreferentzia Marko Bateratua osatzera etorri den lana: Common European Framework of Reference for Languages: Learning, Teaching, Assesment. – Companion Volume, 2018an behin-behineko bertsio bat zabaldu ondoren. Aurten plazaratuko da euskarazko bertsioa (baita gaztelaniazkoa ere).
Edonola ere, liburu osagarri berriak ez du ordezkatzen 2001eko Markoa –2005ekoa da euskarazko bertsioa: Ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzia Marko Bateratua–. Izan ere, EEMBaren funtsezko mezuak aurkezten dira bertan eta bertako deskriptore argigarri guztiak biltzen. Bestela esanda, baliozkoa da oraindik eta berori eguneratzera dator Companion Volume delakoa.
Horregatik, 2007an argitaratutako liburu baten erreseina dago sarrera honetan, Markora hurbildu nahi duenarentzat erabilgarria izan daitekeelakoan: Susana Llorián-ek idatzitako “Entender y utilizar el Marco común europeo de referencia desde el punto de vista del profesor de lenguas”. Aipagarria ere bada 2009an Susana Lloriánek berak gai beraren inguruan aurrez aurreko ikastaroa eman zuela Bilbon, HABEk antolatutakoen artean; orduko hitzaldiaren bideoa Irakasleen Formaziorako Bideosaila bilduman dago jasota, 71. zenbakian hain zuzen (eta HABE liburutegian eskura).
Hizkuntza-irakasleak EEMBaren inguruan izan ditzakeen behar nagusiei erantzun nahi die liburuak. Hala, bi izan dira egilearen asmoak. Alde batetik, dokumentuaren irakurketa erraztea, irakaslearen ikuspegitik zentzua izan dezan. Beste alde batetik, ideiak, prozedurak, adibideak eta ereduak eskaintzea irakaslearen jarduna orientatzeko xedez.
Egilearen iritziz funtsezkoak diren zortzi kapitulutan dago antolatuta liburua. Horretarako, prestakuntza-saioetan hainbat irakaslek azaldutako galderak, zalantzak eta eskaerak izan ditu kontuan. Hona hemen zortzi atal horiek:
1. EEMBa ulertu eta erabiltzeko oinarrizko ideiak
2. Gaitasun kulturanitzaren eta eleanitzaren garapena
3. EEMBaren alderdi horizontala
4. EMMBaren alderdi bertikala
5. EEMBko gaitasun orokorrak
6. Hizkuntzaren gaitasun komunikatiboak
7. Hizkuntzaren ekintza komunikatiboak eta estrategia komunikatiboak. Irakaskuntza eta ebaluazioa
8. EEMBan oinarritutako atazak diseinatu eta egitea, gelan zein gelaz kanpo
Kapitulu guztiak berdin egituratuta:
- Irudi edo eszena iruzkindu bat hasteko (“azala”), irakurlearen hausnarketa sustatu eta dituen aurretiko ezagutzak aktibatzeko, hipotesiak formula ditzan…
- Oinarriak: Markoaren alderdi garrantzitsuak lantzen dira epigrafeka, eta horiekin batera hausnartzeko jarduerak eskaintzen dira (esaterako, lehendabizi Markoa zer den eta zer ez den.
- Funtsezko kontzeptuak, azalpen labur banarekin (esate baterako, “deskriptore argigarriak”)
- Bibliografia iruzkindua (liburu edota artikuluak zein estekak)
- Aplikazioak: irakaslearentzako jarduerak eta eskolan erabiltzekoak
Pare bat ohar:
Berez gaztelania irakasten dutenei begirakoa da, baina edukiak eta proposamenak, oro har, edozein hizkuntzatara egokitu daitezke idazlearen esanetan. Bestalde, liburua ez da ezinbestez era linealean irakurri behar; interesen arabera gai isolatuetara jo daiteke, nahiz eta testuan zehar hainbat erreferentzia gurutzatu egon.
Erreferentzia bibliografikoa:
Llorián, S. (2007). Entender y utilizar el Marco común europeo de referencia desde el punto de vista del profesor de lenguas. Santillana – Universidad de Salamanca.