-(e)la atzizkiaren erabilera okerra

Argitaratua: astelehena, 2016(e)ko urtarrilaren 25(e)an, 10:02(e)tan
Alex Mungia

Gogora ditzagun erdararen eraginez euskaraz egin ohi diren bi oker:

a) Neska batzuk agurtu ditut zu ezagutzen zaituztela (erlatiboetan)

b) Kontuz platerarekin, beroa dagoela! (kausazkoa)

Oraingoan, gaur egun ondoriozko perpausetan sarri samar entzun litekeen esamoldea nabarmenduko dugu:

*Hain gaiztoa da ez duela inork maite

Kasu honetan, okerra -ela atzizkian dago. Izan ere, euskaraz, -ela atzizkia edo konpletiboetan agertuko da edo modu-denborazkoetan. Eta adibidea ez da ez bata ez bestea, baizik eta ondoriozko perpausa.

Bi bide ditugu zuzen jarduteko: bata inolako juntagailurik gabe, bi perpausak elkarren ondoan jarriz:

Hain da gaiztoa, ez du inork maite

Edo ordena aldatuz:

Ez du inork maite, hain da gaiztoa.

Alborakuntzazko bidearen ordez menperakuntza-bidea ere eskura dugu, bait- erantsiz aditzari:

Hain da gaiztoa, ez baitu inork maite.

Bigarren atalaren buruan non edo ezen ezarri genitzake:

Hain urruti bizi da, (ezen/non)berandu iritsi baita/iritsi den.


Gehiago sakontzeko: