Didakteka
-ekiko
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Hizkuntza-arloa:
- Linguistics
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Hizkuntza-arloa:
- Linguistics
- Bisitak: 970
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 0
Batez ere, izenlagunak sortu izan dira –ekiko atzizkiaren bidez: -ekin soziatiboa du oinarrian eta, hari atxikia, -ko atzizkia. Horrezaz gain, nahiz eta murritzago, adizlagun-erabilera ere izan du Hegoaldean, salbuespen batekin: orokorra da “neurekiko/berekiko” esapidea, “neure/bere artean” esanahia duena.
Zabalduena -ekiko bada ere, euskaraz badira beste aldaera batzuk; batez ere, -ekilako (ipar-ekialdeko euskalkian) eta -gazkoa (bizkaierazkoa).
Sarri erabiltzen da -ekiko atzizki konposatua gaur egun:
- Besteekiko komunikazioa da garrantzizkoa.
- Gurasoekiko harremanak erabat aldatu dira.
Dena dela, zenbaitetan, oker erabiltzen da –ekiko atzizkia. Adizlagun gisa erabili baino lehen, beste aukerarik ote den begiratzea komeni da, eta, ahal izanez gero, hura erabiltzea. Izenlagun denean ere, -ekiko erabiltzeaz gain beste aukeraren bat dagoen pentsatzea komeni da: testuinguruaren arabera, bata edo bestea izan daiteke egokiagoa; adibidez: a) gorputzen urarekiko portaera edo b) gorputzek zer portaera duten uraren aurrean.
Azkenik, ez da komeni -ekiko desberdin egitura erabiltzea. Esaterako:
- Garapen afektiboa kognitiboarekiko desberdina da.
- Garapen kognitiboa eta afektiboa desberdinak dira.
Eta okerra da –z desberdin:
- Zutaz desberdina da (okerra)
- Zurekiko desberdina da (desegokia)
- Desberdina da zure aldean / Zu ez bezalakoa da / Ez da zu bezalakoa (egokia)
Zenbait adibide:
- Dolarra jaitsi egin da yenarekiko eta euroarekiko.
- Dolarra jaitsi egin da yenarekin eta euroarekin alderatuta.
- Eusko Jaurlaritzaren neurriak arrantzarekiko...
- Eusko Jaurlaritzak arrantza dela-eta hartutako neurriak...
- Lasterketan, ausart eraso, eta minutu-erdia atera zuen zaharrak gaztearekiko.
- Lasterketan, ausart eraso, eta minutu-erdia kendu zion zaharrak gazteari.
- Gure alderdiak aspaldi plazaratu zuen bere iritzia gai horrekiko.
- Gure alderdiak aspaldi plazaratu zuen bere iritzia gai horri buruz.
INFORMAZIO OSAGARRIA
- Alberdi X. eta Sarasola, I. (2001). Euskal Estilo Libururantz. Gramatika, estiloa eta hiztegia: 128-139. EHU.
- EHULKU
- EHULKU (2)
- Petrirena, P. (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Eusko Jaurlaritza: 172-174.