Eibar(re)ko, Eibarrera(t), Eibarrerantz, Eibarreraino, Eibar(re)tik

Argitaratua: astelehena, 2016(e)ko urtarrilaren 18(e)an, 11:16(e)tan
Alex Mungia

Alfontso Mujikak Euskaltzaindiaren arau bat aldatzeko proposatu du 31eskutik blogean: herri-izenen deklinabideari dagokiona.

Kontsonantez amaitutako leku-izenen deklinabidean, aukeran uzten du Euskaltzaindiaren arauak e epentetikoa erabiltzea edo ez leku-genitiboan, adlatiboetan eta ablatiboan:Eibarreko/Eibarko, Eibarra(t)/Eibarrera(t), Eibarraino/Eibarreraino, Eibarrerantz/Eibarrantz, Eibarrantz/Eibarrerantz.


1979koa da araua, eta zentzuzkoa izango zen duela 35 urte, ziur asko, aukera bat baino gehiago uztea zenbait kasutan. Gaur egun, ordea, errealitateak erakusten du bide bat nagusitu dela. Beraz, jo daiteke iritsia dela unea garai batean zentzuzkoak ziren zenbait bitasun bazterrean uzteko, ia anakronismo bilakatu baititu denboraren joanak, Alfontso Mujikaren ustez.


Mujikari iruditzen zaio koherentzia-nahiak eragindako artifizialtasuna dela, eta, horregatik, uste du iritsia dela unea Euskaltzaindiak duela 35 urte hartutako erabaki hura berrikusteko eta arauan islatzeko gaur egungo erabilera, leku-denborazko kasuetako e epentetikoaren simetria beldurrik gabe hautsita. Hau da, honela uztea: Eibar(re)ko, Eibarrera(t), Eibarrerantz, Eibarreraino, Eibar(re)tik.