Didakteka
"Egungo Euskararen Hiztegia" (EEH) aurkeztu du UPV/EHUko Euskara Institutuak
Euskarazko hiztegirik zehatzena da une honetan Egungo Euskararen Hiztegia, eta nahi duen orok kontsultatu dezake UPV/EHUren webgunean.
Hiztegia erabilgarria, irekia eta erreferentea izateko asmoz jaio da, egungo euskararen lexikoa jasotzen baitu. Izan ere, 2000 eta 2006 urteen artean argitaratutako 25 milioi testu-hitzez osatutako corpusean oinarritzen da, Ereduzko Prosa Gaur izeneko corpusean, hain zuzen ere. Guztira, 70.000 sarrera baino gehiago ditu hiztegiak. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak, esate baterako, 38.222 sarrera ditu.
Adibidean ikus daitekeen bezala, hiztegiak ez du soilik hitzaren definizioa ematen. Hiztegiko sarreretan hitza ageri den testuingurua erakusten da, adibideak eta baita iturburua ere (nork eta non erabili duen). Horrez gain, hitz-multzoen maiztasuna ere jasotzen du. Hau da, hitz jakin bat zein beste hitzekin erabili ohi den ageri da, baldin eta multzo hori, gutxienez, hiru aldiz erabili bada.
Lana Ibon Sarasola UPV/EHUko hizkuntzalariaren gidaritzapean egin da, eta UPV/EHUko Euskara Institutuak garatu du.