Irakasbil
Didakteka
Dynamics of L2 Sociolinguistic Development in Adulthood (Wirtz, M. A.)
Gaur egun nazioartean mugikortasuna gero eta handiagoa den honetan, bigarren hizkuntzaren eskurapena ezin da eduki gramatikalak menderatzera mugatu. Alderantziz, funtsezkoa da gaitasun soziolinguistikoa garatzea, hiztunak komunitate berrietan modu eraginkorrean integratu ahal izateko. Liburu honetan, bigarren hizkuntzaren eskurapena ikuspegi aldakorrean kokatzen da, hizkuntza ez baita sistema homogeneoa. Hori kontuan izanik, Wirtzek galdera honi heltzen dio: nola garatzen dute ikasle helduek aldakortasun soziolinguistikoa kudeatzeko gaitasuna testuinguru naturaletan?
Zortzi kapitulutan zehar, liburuak helduen garapen soziolinguistikoaren ikuspegi integrala ematen du. Ikasle helduek bigarren hizkuntza batean gaitasun soziolinguistikoa garatzeko duten moduari buruzko ikerketa berritzaile eta zehatza eskaintzen du. Azterlan kuantitatiboak eta kualitatiboak uztartzen ditu, faktore sozialen eta indibidualen arteko elkarrekintza azpimarratzen du, eta benetako esperientzietan oinarritzen da datuak lortzeko.
1. kapitulua – The Big Picture [Ikuspegi orokorra]
Kapitulu honetan, Wirtzek dio migrazioan oinarritutako hizkuntza-ikasketetan hizkuntza-aldaerak eta ikasprozesuak aztertzea funtsezkoa dela, eta hori justifikatzen du teoria eta gizarte-arrazoiak erabilita.
2. kapitulua – Mapping the Terrain [Esparruaren mapa egiten]
Austrobavariar hiztunen egoera soziolinguistikoa deskribatzen da. Aleman estandarra, austro-bavariar dialektoa eta tarteko formak bereizten dira, eta euren ezaugarri nagusiak azaltzen dira. Beraz, testuinguru egokia eskaintzen du ikasleek hizkuntza-aldaeren artean nola mugitzen diren aztertzeko.
3. kapitulua – The Current Empirical Study [Egindako ikerketa enpirikoa]
Ikerketaren diseinu metodologikoa aurkezten da, eta ikuspegi mistoa (kuantitatiboa eta kualitatiboa) hartzen da oinarri, garapen soziolinguistikoaren eta aldagai sozial, afektibo eta kognitiboen arteko harremana aztertzeko.
4. kapitulua – Unpacking the INTER and INDIVIDUAL in L2 Sociolinguistic Development [H2an norbanakoen arteko eta norberaren baitako garapen soziolingustikoa aztertzen]
Pertsonen arteko desberdintasunak aztertzen dira garapen soziolinguistikoan. Esperientzia zein helburu pertsonalak eta ibilbide biografikoak bezalako faktoreek hizkuntza testuinguru sozialaren arabera moldatzeko gaitasunean duten eragina aztertzen da. Pertsonarengan ardaztutako ikuspegiaren garrantzia nabarmentzen da.
5. kapitulua – The Systematicity of Outcomes in L2 Sociolinguistic Development [H2ko garapen soziolinguistikoaren emaitzen sistematikotasuna]
Testuinguru berean ikasle batzuek besteek baino aurrerapen handiagoa zergatik duten ikertzen da. Hori azaltzeko, hainbat aldagairen eragina aztertzen da: egonaldia, dialektoarekiko esposizioa, aldaera-gaitasuna, faktore sozioafektiboak eta gaitasun kognitibo orokorra.
6. kapitulua – Signature Dynamics of L2 Sociolinguistic Micro-development [H2ko mikrogarapen soziolinguistikoaren dinamika bereizgarriak]
Ikuspegi dinamiko eta longitudinala kontuan hartuta, hiru hilabeteko epean lau ikasleren jarraipena egin zen. Hamar neurketa jarraituen analisiak erakusten du garapen soziolinguistikoa ez dela lineala, eta barne-aldakortasunaren garrantzia nabarmentzen du.
7. kapitulua – Reconciling the INTER and INTRA in Variationist SLA [H2aren eskurapenean norbanakoen arteko eta norberaren baitako aldakortasuna uztartzen]
Azterketa gurutzatuaren eta longitudinalaren emaitzak integratzen dira. Barne-aldakortasuna ez da akastzat ulertu behar, garapen linguistikoaren parte osagarritzat baizik. Bigarren hizkuntzaren eskurapenerako ondorio teoriko eta metodologiko garrantzitsuak proposatzen dira.
8. kapitulua – Conclusion and future perspectives [Ondorioak eta etorkizuneko ikuspegiak]
Liburuak ondorioztatzen du gaitasuna, esposizioa eta motibazioa bezalako faktoreak jarraitu eta mailakatu gisa ulertu behar direla, ez kategoria itxi gisa. Dialektoarekiko esposizio eta gaitasun handiagoak errepertorio soziolinguistiko malguago eta aldakorragoei lotzen zaizkie. Azkenik, etorkizuneko ikerketa-ildo berriak eta hobekuntza metodologikoak proposatzen dira.
Argitaletxearen laburpena (jatorrizkoaren itzulpena)
Liburu honek azterlan holistiko bat aurkezten du, bigarren hizkuntza (H2) ikasten ari diren helduen garapen soziolinguistikoari buruzkoa eta ingurune naturalean egindakoa. Zeharkako eta luzetarako mikrogarapen-ikerketa baten emaitzak uztartuta, aztertzen du Austriako hizkera ez-estandarrean modu egokian aritzeko beharrezkoak diren ekoizpen- eta interpretazio-gaitasunen eskurapena. Azterlanek arreta jartzen dute norbanakoen arteko eta norbanakoaren baitako aldakortasunean, eta azaldu nahi dute zergatik eta nola eskuratzen duten ikasleek aldakortasun soziolinguistikoa, horren zein alderdi barneratzen duten, zer faktorek eragiten duten eta noiz gertatzen den eskurapena. Hainbat diziplinatako marko teorikoak eta metodologikoak uztartuta, —hala nola garapen- eta kognizio-psikologia, psikolinguistika eta soziolionguistika, baita bigarren hizkuntzen eskurapena ere—, ikerketa berean batera nekez aurkitzen diren gaiak uztartzen ditu liburuak: funtzionamendu kognitiboaren eta faktore sozioafektiboen rola, H2aren garapen soziolinguistikoaren denbora-izaeraren espezifizikotasuna ekoizpenean eta ulermenean, eta nola orokortu daitezkeen talde-mailako emaitzak norbanakorarenera. Aurkeztutako ikerketek argi erakusten dute helduaroaren hasieran edo erdiko helduaroan H2a ikasten hasten diren pertsonek ere gara ditzaketela xede-hizkuntzako komunitatearen aldakortasun soziolinguistiko konplexuan arrakastaz aritzeko behar diren trebetasunak, nahiz eta prozesuak oztopoak ere izan ditzakeen.
Erreferentzia bibliografikoa
Wirtz, M. A. (2025). Dynamics of L2 Sociolinguistic Development in Adulthood. Multilingual Matters.
