Bota (eta II)

Argitaratua: Wednesday, 20 April 2016, 10:41 AM
Alex Mungia

Aurrekoan, bota aditzaren erabilera desegokiaz jardun genuen, eta, oraingoan, berriz, euskaldun askok egin ohi dituzten kalko batzuk bildu ditugu.

Egia da lagunarteko ahozko komunikazioan esan daitezkeela desegokitzat emandako forma bat baino gehiago (faltan bota, esaterako). Baina, era berean, egia ere bada hizkera-maila jaso edo zainduetan egokiagotzat jo daitezkeela bestelakoak erabiltzea; alegia, euskal hiztun onek erabili izan dituztenak beti. 

 DESEGOKIA

 EGOKIA

Gasolina botako diot autoari.

Gasolina hartuko dut.

Eztenkada ederra bota zion.

Eztenkada ederra eman zion.

Andregaia bota du. 

Bilatu du / Hartu du / Badu andregaia

Eserlekuan atzera bota zen. 

Gorputza atzera bota zuen.

Larri dagoenari eskua bota.

Estutasunean dagoenari lagundu  / Beharrean dagoenari eskua luzatu.

Hark ama faltan botatzen du.

 

Faltan izan / Amaren falta ederra bilatzen da etxean / Haren falta ederra nabaritzen da, (edo) sentitzen da, (edo) sumatzen da / Hutsune handiarekin geratu gara / Hutsune handia topatzen dugu.

Bota al diozu gatza?

Gatza emanda dago? / Gatza eginda dago? / Maneatua dago?

Gogorrak bota zizkion.

Gogorrak esan zizkion / Izugarriak esan / Handiak esan / Ederrak esan / Ele bortitzak erran / Zernahi erran zion.

Hasperen bat bota zuen.

Hasperen egin zuen.

Irribarre bat bota zion.

Irribarre egin zion / Irri egin.

Izerdia bota du.

Izerditu (egin) da / Izerdia atera.

Hogei kilo botatzen dizkiot.

Hogei kilo ematen dizkiot begira / Hogei bat kilo jotzen dizkiot.

Partidu bat bota dugu.

Partida bat egin dugu / Partidu ederra jokatu dugu.

Prezioak bota zituen.

Prezioak asko merkatu zituen.

Siesta bota du.

Siesta egin du / Lo-kuluxka egin / Pausaldia egin / Bazkalondokoa egin.

Irri batzuk botako ditugu.

Irri egingo dugu.

Lagun berriak botako ditugu.

Lagun berriak egingo ditugu.

Kargutik bota.

Kargutik kendu.

Bertsoa kantatu.

Bertsoa bota.

 

INFORMAZIO OSAGARRIA

Euskaltzaindiaren hiztegia (157.or.)

Euskaltzaindiaren Orotariko Hiztegia

Gotzon Garateren Erdarakadak hiztegia (66.or.)

Euskadi Irratia (Ibon Sarasola)

Show comments
  • Hasier Agirre Aranburu - Wed, 20 Apr 2016, 1:08 PM
    Ordain guztiekin ados, Alex, gatzarenarekin izan ezik. Niri, bederen, ez zaidak hain gazia egiten. Errotuegia dagoelako, beharbada...

    Baina beste ordainak oso txukunak, bai!

Beste eduki interesgarriak

Alex Mungia

Bota (I)

Huts ugari egiten da aditz honekin, gaztelaniaz izugarri erabiltzen baita "echar" aditza; eta euskaraz "bota" aditza erabiliz saiatzen gara ordaina ematen: andregaia bota, partidua bota, kargutik bota, esku bat bota...