Bi puntuen ondoren: letra larriz ala xehez? (II)

Argitaratua: osteguna, 2015(e)ko azaroaren 26(e)an, 10:07(e)tan
Alex Mungia

Bi puntuek eginkizun bat baino gehiago dute. Batetik, kataforak adierazteko erabiltzen dira; bestetik, esaldi alboratu biren artean kausa-ondorio edo ondorio-kausa erlazioa dagoela adierazten dute, eta, azkenik, mezuen abiaburuetan eta izenburuetako zehaztapenetan funtzio berezia betetzen dute.

Testuak idaztean, batzuetan, zalantza sortzen zaigu: bi puntuen ondoren, letra larriz ala xehez? Informazioa aurkeztean gerta litezkeen kasuak azalduko ditugu gaurkoan.

a) Predikazio-elementu osagarriak

Predikazio-elementuak, batzuetan, kataforiko baten bidez iragarri ohi dira.

  • Zera: burua nekatu beharra dagoela, alegia, testuak antolatzean.

Beste batzuetan, aldiz, ez dago kataforikorik: zentzuzko lotura dute, bi puntuen bidez adierazten dena.

  • Lizardik neurtitz hauek ondu zituenetik ez dira urte asko joan: hogei besterik ez.

Bi puntuen ondorengo unitate sintaktikoen artean punturik ez badago, letra xehez hasiko da lehenengo unitatea ere, baina horien artean punturik bada, lehenengoa ere letra larriz hasiko da.

  • Eta jakin nahi dugu: zertaz hitz egiteko?, zertaz hitz egiten duzue han?
  • Hemen planteatzen denean berdintasunak bermatzeko borondatea eta konpromisoak badaudela, gure hurrengo galdera da: Zertarako? Zertarako bermatu nahi dira udaletan ordezkaritza politikoak? Zertarako?

b) Datuak eta azalpenak

Gaia edo helburua adierazten duen izenburu orokorra jarri ohi da formulazio batzuetan, aurkeztu ondoren zehazteko edo garatzeko. Tituluak eta garapenak ez dute osatzen esaldi bera. Datu soilak bi puntuen ondoren eman daitezke, letra txikiz hasita.

  • Eta ia-ia desagertzen da dirua: aurten bakarrik 7.500 euroko laguntza dago.

Azalpenen kasuan, ordea, hasierako letrak larriz jarriko dira tituluaren ondoren idazten badira, adierazpen autonomoa osatzen baitute.

  • Oharra: Ezinbestekoa da baldintza guztiak beteteza.
  • Posdata: Dokumentuaren kopia bidaliko dizut, postaz.
  • Arrazoia: Legearen esparrua.
  • Gaia: Izen elebidun sinonimoak

Badira baliabide alternatibo batzuk: puntua edo puntu eta marra erabiltzea, tartea uztea (tabuladorez egina, beste lauki bat, beste lerro edo lerroalde bat).

INFORMAZIO OSAGARRIA