Didakteka
Amaren bularra haurraren janari...
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Hizkuntza-arloa:
- Linguistics
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Area of knowledge:
- Hizkuntza-arloa:
- Linguistics
- Bisitak: 1411
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 1
Blanca Urgell hizkuntzalari eta irakaslea Berriako zutabean haur-hizkerari buruz mintzatu zaigu; baina ez, aipatu baditu ere, ez da apatx, llollo eta gisa horretako hitzez aritu, baizik eta ziurrenik gutako gehienok haur-hizkerakotzat hartuko ez genituzkeen ama eta aita berbez (euskal haur hizkerari buruz, ikus Juan Jose Zubiriren artikulu hau).
Urgellek ongi azaltzen duenez, ama ez da erdaretako mama, maman, mum eta abarren kidekoa baizik (kidekoa, ez mailegua!); eta aita (bereziki atta ahoskaturik), egitura bereko (bokal-kontsonante-bokal) baina hots ezberdinekiko hitza (nola baitira papa edo dad). Latinez ere mamma ‘ugatza’ eta pappa ‘haurren janaria’ zituzten. Eta, oro har, munduko hizkuntza guztietan aurkitzen ditugu antzeko hitzak, ingelesezko Wikipediako sarrera honetan ikus daitekeenez.
Besteak beste (ikus Larry Trask-en lan hau, eta hartarik erauzitako beheko irudia), Roman Jakobson hizkuntzalari ezagunak aztertu zituen halakoak, eta ondorioztatu ezen haurrek lehenik ahoskatzen dituzten silabak (ma, na, pa~ba, ta~da…) daudela guztien oinarrian.
Zehazki, konturatu zen gehienetan kontsonante sudurkaridun silabak zirela ohikoenak ama izendatzeko. Horren zergati fisiologikoa ere proposatu zuen:
“Often the sucking activities of a child are accompanied by a slight nasal murmur, the only phonation which can be produced when the lips are pressed to mother's breast or to the feeding bottle and the mouth is full. Later, this phonatory reaction to nursing is reproduced as an anticipatory signal at the mere sight of food and finally as a manifestation of a desire to eat, or more generally, as an expression of discontent and impatient longing for missing food or absent nurser, and any ungranted wish. When the mouth is free from nutrition, the nasal murmur may be supplied with an oral, particularly labial release; it may also obtain an optional vocalic support.”
[Sarritan, haurraren edoskitze-jarduerek sudurreko murmurio txiki bat eragiten dute; alegia, ezpainek amaren bularra edo biberoia sakatzen dutenean eta ahoa beterik dagoenean sor daitekeen fonazio bakarra. Geroago, zaintzarekiko erreakzio fonatorio hori aurreseinale gisa erreproduzitzen da elikagaia ikuste hutsaz, eta, azkenik, jateko desira baten edo, orokorrago, elikagai zein zaintzaile faltagatiko atsekabea eta irrika bizia adierazteko, edota ase gabeko edozein desiraren adierazpen gisa. Ahoa elikagairik gabe denean, sudurreko murmurioari aho-jarioa erants dakioke, bereziki ezpainekikoa; bokal baten sostengua ere izan lezake.]
Badirudi euskaraz hasierako kontsonanteak “erori” direla, baina, baditugu hiztegian silaba “osoa” gorde dituzten hitzak ere, latinezkoak gogorarazten dituztenak, baina, ikusitakoak ikusita, maileguak ala hitz “unibertsalak” diren, zail gertatzen baita zehaztea:
- mama ‘ura’, ‘edaria’; baita ere ‘titia (haurrek eskatzen dutenean edo eskaintzen zaienean)’
- papa ‘ogia’; baita ere ‘ahia; (haurren) jatekoa’.
Bitxikeria gisa, ama/aita-ren antzeko apa-k hainbat adiera izan ditu, ‘musua’ ez ezik: ‘ahizpa zaharrena’, ‘inudea’, ‘amona’… (OEH). Eta, jakina, bi silabako k-dun hitza ere arestian aipatutakoen modukoa dugu.