Didakteka
Adizkinator: aditzak jokatu eta bilatzeko aplikazioa
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Áreas de conocimiento:
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Áreas de conocimiento:
- Visitas: 1881
- Comentarios: 0
- Favoritos: 1
Euskara batuaren aditzak jokatzeko eta bilatzeko aplikazioa da Adizkinator. Android telefono eta tabletetan deskarga daiteke eta doakoa da.
Erabiltzaileari bidea ematen dio, modu labur eta zuzenean, bilatu nahi duen aditzaren forma lortzeko. Era berean, adizkia sartuz gero, horren gaineko informazioa esango dio. Adibidez, “eraman” aditzaren forma nahi badugu indikatiboko orainaldian eta “nik” “zuri” “hura” pertsonekin, “daramakizut” erantzungo digu. Kontrako bidea ere egin dezakegu; adibide berari eutsiz, “daramakizut” sartuta, aditza, modua, aldia eta pertsonak esango dizkigu. Datu basean euskara baturako Euskaltzaindiak onartutako ia adizki guztiak daude, bai laguntzaileak bai eta trinkoak ere. Gainera, modu neutroaz gain, hikako alokutiboak ere badaude jasota (horren gaineko informazio gehiago lortzeko aplikazioaren hitzaurrera jo).
Erreminta
bereziki lagungarria da ikasleek testu batean-edo behar duten aditza lor
dezaten. Une horretan, aplikazioa erabilita, berehala jakin dezakete zein aditz
erabili. Gainera, batetik bestera erraz eta arin pasa daitezke, aditzen atzean
dagoen logika ondorioztatzeko bidea emanez. Era berean, hikako adizkiekin ondo
moldatzen ez denari ere lagun diezaioke, batera agertzen baitira neutroa eta
alokutiboa.
Esan bezala, tresna bi norabidetan erabil daiteke. Bata zein bestea erabiltzeko, lehenengo pantailako bi botoiren artean aukeratu beharko dugu: “Aditza jokatu” ala “Adizkia bilatu”.
Aditza jokatu
Dagokion botoia sakatuta, gune arrosa agertuko zaigu eta sei zutabe beheko aldean. Goiko hiruretan aditza, modua eta aldia sartu beharko dugu eta azpikoetan pertsonak. Zutabeetan aukeraren bat hautatutakoan, gainean idatzita agertuko da.
Goazen adibide bat ikustera. Gure testuan honako esaldia daukagu:
lagunak eskatutako lore guztiak ______ (ekarri) loradendatik
Bada, lehenbizi “ekarri” sakatuko dugu, gero “indikatiboa”, “orain” eta, azkenik, “hark - haiek”. Aplikazioak horri dagokion aditza “dakartza” dela diosku.
Adizkia bilatu
Kasu honetan bilatu nahi dugun adizkia idatzi beharko dugu eta gero “bilatu” botoian sakatu. Sartu ditugun hizkiak dauzkaten aditz guztiak agertuko zaizkigu beheko zerrendan, hortik nahi duguna aukera dezagun. Horietariko bat sakatutakoan, aurreko puntuko sei zutabeko pantaila agertuko zaigu, aditzaren informazioa agerian utzita.
Azken adibidearekin jarraituz, “dakartza” bilatzen badugu, hainbat aukera agertuko zaizkigu: “dakartzat”, “dakartzak / dakartzan”, “dakartza”, “dakartzagu”... Guk hirugarrena aukeratuko dugu, “dakartza”. Orduan, zutabeen goiko etiketei erreparatuz, informazio guztia jasoko dugu: “ekarri”, “indikatiboa”, “orain”, “hark hura”.
Puntu honetan bereziki aipagarria da “bilaketa aurreratua”. Bertatik iragaz baititzakegu nahi ditugun aditzak, moduak, denborak eta pertsonak. Horretaz gain, komeni da jakitea ez dugula zertan adizki osoa idatzi, nahikoa da zati batekin, letra segida hori zein aditzek duten ikusteko, adibidez.
Informazio zabalagoa, aplikazioaren hitzaurrean. Aurkezpen-bideo bat ere badago.