A1-A2 ziurtagiri profesionala?

Argitaratua: Tuesday, 31 May 2016, 12:27 PM
Josu Perales

Ahalegin berezia egin da 2015eko HEOCean A1 eta A2 mailak beren osoan zedarritzeko eta maila horiei dagozkien hizkuntza-edukiak eta trebetasunak deskriptore jakinetan emateko. Aribide horretatik, agerikoa da garrantzi nabaria hartzen duela hiztunen arteko harremanen nolakoak A1 eta A2 mailei dagozkien komunikazio-eremuetan: zein testuingurutan nork norekin zertaz hitz egiten duen, etab.

Langintza hori bukatu berri denean, aldian-aldian ireki ohi den eztabaida zabaldu berri da: ez al dira maila horiek zuzenago lotu behar ikasleak bere ohiko lanbidean lankideekin erabiltzen duen hizketaldiaren ezaugarrietara?

Munduan gehien irakasten den hizkuntzari begiratuz, ingelesari alegia, eta English for Specific Purposes (ESP), Business English nahiz English for work direlakoei erreparatuta, ez da ohikoa horietan ikasprozesuaren hasiera-hasieratik, A1etik abiatzea ez irakasten ez ebaluatzen. Usuagoa da, ordea, orokorretik zehatzera joanez, oinarri komun batetik abiatzea lan-munduko hizkuntza gerorako utziz ikasprozesuaren tarteko mailetatik aurrera.

Ez dago, bestalde, “English for workers” tankerako ez ikastarorik, ez azterketarik, baizik eta English for nurses, English for pilots and air-trafic, etab.; hau da, ikastaroak lanbideen arabera eratzen dira. Esan nahi baita lan-mundua lanbidez lanbide egituratzen dela, eta, hizkuntza eredu ugarikoa izaki, ondo zaila dela lanbide guztietako behar linguistikoei erantzungo dien ikastaro balioaniztunik prestatzea, are eta zailago A1etik abiatu nahi bada.

Aipatzekoa da, era berean, A1 eta A2 mailak Europako markoan daudela zedarrituta, baina, norentzakoa gogoan ez da dokumentu horretan lan-mundua era isolatuan ageri:

“Hizkuntz jarduerak arloen testuinguruan kokatzen dira. Arloak askotarikoak izan daitezke, baina hizkuntzen ikaskuntzari loturiko arrazoi praktikoak direla eta, lau arlo mota bereizten dira, oro har: arlo publikoa, arlo pertsonala, hezkuntza-arloa eta lan-arloa.” ( 34 or.).

Ikus halaber 68. eta 69. orrialdeetan arlo bakoitzeko zehazten diren azpiarloak. Esaterako, arlo publikoan: lekuak (kalea, plaza, parkea…; garraio publikoak, dendak supermerkatuak, ospitaleak, mediku-kontsultak, anbulatorioak, klinikak, estadioak, kirol-zelaiak etab.); erakundeak, pertsonak, objektuak, gertaerak, jarduerak.

Atzerrian lan egin behar duenak mesedegarriagoa izango du ikastea, besteak beste, lantokira doan buserako txartela erosten edota janari-dendan erosketak egiten zuzen-zuzenean laneko hizkuntza baino. Hots, arlo publikoan baita pertsonalean ere gutxieneko atalasearen jabe beharko du izan lan-hizkuntzari ekin baino lehen. Zenbateraino espero daiteke lankideekin eguneroko gaiez xede-hizkuntzaz solasteko kapaz ez denak xede-hizkuntza hori baliatuko duela lan-kontuez aritzeko? Hizkuntzak ukipen-egoeran daudenean, berriz, bestelako tamaina hartzen du alderdi soziolinguistikoak. Euskararen kasuan esaterako, gaia korapilatu besterik ez da egiten kontuan hartzen badugu: a) oso konta ahalekoetan izaten direla lantokiko langile guztiak xede-hizkuntzaren hiztun; b) xede-hizkuntzaren hiztun izanik ere hobeto dakitela horiek, kasu askotan, langile ikaslearen guraso-hizkuntza, gaztelania, euskara baino; eta c) euskara jakin arren lan-hizkuntza gaztelania izaten dela ez gutxitan. Badago zertaz gogoeta egin.

HABE. (2005). Hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzia Markoa. Donostia: Eusko Jaurlaritza