Gaitasun estrategikoa norbanakoaren gaitasun komunikatiboaren osagaietako bat da. Bere horretan ez da helburu didaktiko, baizik eta baliabide bat, errazten duena H2n lortu beharreko hizkuntza-gaitasunaren ikaskuntza. Ondorioz, irakasleen programazioan txertatzean, kontuan hartu behar da diseinatzen diren jarduerek nahikoa argi eskatu behar dituztela estrategia egokiak, zertarako-eta hizkuntza erabiltzeko jardueretan sortzen diren eragozpenak gainditzeko.
Helburua
HABEren mailetan sakontzea Europako Markoaren argitan; eta baita dokumentu hori xeheago ezagutzea ere.
Oinarriak
HABEk eta Hezkuntza sailak Ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzia Markoa izenburupean 2005ean argitara eman zuten lana; eta moduluaren jardueretarako, berriz, HABEren mailak egiaztatzeko deialdietan erabilitako azterketak.
Norentzat
Berariaz, euskararen ikas-irakaskuntzan lanean ari direnentzat sortua, bereziki euskaltegietako irakasleentzat. Baina euskararen irakaskuntzan aritzen direnentzat ez ezik, beste hizkuntzen irakaskuntzan ari direnentzat ere baliagarria izan daiteke: hizkuntza-irakasle, irakasleen prestatzaile, aztertzaile, azterketa-prestatzaile, ikas-materialen sortzaile, curriculumgile eta hizkuntz irakaskuntzako arduradunentzat.