Aspaldi honetan, sarritan entzun eta irakurri ahal izan dugu helduen euskararen irakaskuntza maldan behera datorrela, eta, euskaltegien sektoreak, krisialdian egonik, ausardiaz jokatu eta berrikuntzak proposatu beharko lituzkeela esparru berriak irabazteko eta betikoak ez galtzeko. Ildo honetatik, ordenagailu bidezko ikas-prozesuak eta autoikaskuntza-sistemak, besteak beste, gero eta ozenkiago aldarrikatu izan ohi dira, arazo gehienen konponbidea bailiran.
Aldi berean, eta neurri batean behintzat, joera nabaritu da ohiko taldeikaskuntza madarikatuen txokora baztertzeko. Baina, betiko legez, oreka mutur bi horien artean bilatu behar dugu, bakoitzaren nahien eta ahalmenen arabera, batera zein bestera gehiago hurbilduz. Bestalde, taldeikaskuntzan gertatu bezala, autoikaskuntzan ere ez dago jokabide edo aukera bakarra eta, ikasleek ikas dezaten balio duten neurrian, den-denak dira erabilgarri, emaitzek erakutsiko baitigute zeintzuk diren emankorrenak. Beraz, ondoko lerroetan, hausnarketarako bide bat eskaini nahi da, izan beharko lukeen ez baina izan daitekeen adibide batez osotua. Azkenik, esan beharra dago ekarpen hau HABEren ardurapean antolatutako Autoikaskuntza Batzordean izandako eztabaidak, iritzien trukaketa eta erabilitako materialak kontuan hartu gabe askoz urriagoa izango zatekeela. Doazkiela, beraz, bertan lankide izan ditudan guztiei nire eskerrik beroenak.