Ikertzaileak ez dira igarleak ez asmalariak

Argitaratua: ostirala, 2018(e)ko maiatzaren 18(e)an, 12:40(e)tan
Iñaki Villoslada

Atzizkien laguntzaz hitz berriak sortzea ez da beti egon hiztegigile zorrotzen esku, eta adiera bera adierazteko atzizki bat baino gehiago dagoenean baten edo bestearen aldeko aukerak hizkera mailakoak izan dira batzuetan (edo hiztegigileen kasuan, irizpide sortzaileak erabili dituzte batzuetan: Larramendik joera handia erakutsi zuen esate baterako –tzaile atzizkiz neologismoak asmatzeko). Erraz pasatzen dira oharkabean horrelako kontuak, ondorioak honako hauek izaten diren arren: ikertzaile, ikerle, ikerlari hirukote antzu bat, laukotea gainera, ikerketari ere irakur baitaiteke. Hizkuntzaren normalizazioaren ikuspegitik –estandarizazioaren ikuspegitik– ez da oso desiragarria hitz beraren hainbeste aldagai egotea dantzan testuetan.

Euskaltzaindiak hautua egin du: ikertzaile da hobestekoa, forma erregularra delako. Ikerleren eta ikertzaileren arteko hautabidea formala da, izan ere, berez ez baitira hartzen, egun, bi eratorpen-atzizki gisa, bakar baten aldaera (alomorfoak) gisa baizik. Ikerlariren eta ikertzaileren artean bigarrena hobesteko arrazoia horietako atzizki bakoitza jartzen zaion oinarriaren kategoria gramatikalean baitan dago: izena + ari/lari; aditza + le/tzaile. Honako taula honetan saiatu naiz auzia azaltzen: 

HITZA

ERABILERA

Ikerlari

-Ari/-lari atzizkia izen kategoriako oinarriei jartzen zaie, ez aditzoin kategoriako oinarriei: hizkuntzalari, gramatikari, azterketari, teknikari, hizkuntzalari. Hiztegi Batuan ikerlarik sarrera duen arren, ez da aholkatzekoa.

Ikerle

-Le -n sudurkariz– edo partizipioa i-z (aurretik r- dardarkariz edo s, z edo tz, ts txistukariz) bukaturiko aditzoinei eransten zaie: edale, egile, ikusle, irakasle, ikasle, erantzule.

Ikertzaile

-Tzaile atzizkia –tu-z edo –du-z bukaturikoei jartzen zaie, baita –le jartzea ez dagokienei ere: hiltzaile, erretzaile, itzultzaile, zuzentzaile, asmatzaile, erabiltzaile.

 

Erregulartasun horiei ihes egin dieten hitzak (salbuespenak) ez dira gutxi, noski: begirale, jole…, eta hiztegigileez esan dudana frogatzeko ale pare bat: Azkuek ikerle darabil bere hiztegian eta prosan, beste euskaltzainburu batek, Villasantek, aldiz, ikertzaile dio dela forma egokia.

Kontuan izan, halere, Euskaltzaindiak -ari eta -le/-tzaile bikoteak gordetzen dituela lexiko aldetik emankor suertatu diren kasuetan, hots, esanahi desberdineko hitzak sortzeko baliatu izan denean atzizkien arteko jokoa: zuzendari, zuzentzaile, ikuskari, ikuskatzaile, administrari, administratzaile…

Bitxikeria batekin bukatzeko, jakin nahi baduzue Iker eta Ikerne izenek zerikusirik ba ote duten ikertu aditzaren esanahiarekin, erantzuna baiezkoa da. Ikerne Visitación-en itzulpena besterik ez da eta visere maiztasunezko aditzetik dator. Haren esanahia bisitatu (ikustera joan) eta ikertu (aztertu) da.


Gomendioa:

Investigador, resercher, chercheur terminoaren adiera emateko testu tekniko edo espezializatuetan erabil bedi batez ere honako hau: ikertzaile

 

 


Informazio osagarria: