Nola lortu ikasleek elkarri arretaz entzutea?

Nola lortu ikasleek elkarri arretaz entzutea?

Iñaki Murua -
Erantzun kopurua: 0
Ikasle bat taldearen aurrean hizketan ari da eta, lehenengo bizpahiru hizlarien ondoren, gainerakoen arreta galtzen hasten da. Ezaguna egiten zaizue egoera?
 
Horixe du abiapuntu Avileseko Hizkuntza Eskolan ingeles-irakasle den Cristina Cabalek: ahozko jardueretan, hitz egiten ari denak badu zeregina, baina nola lortu gainerakoek hasieratik amaierara adi jarraitzea? Haren proposamena entzuleei ere egiteko zehatz bat ematea da: ikaskideak erabiltzen dituen hitz eta esapide jakin batzuk identifikatzea. Bingoa baliatzen du horretarako. 
 
"Pics, Talks & Bingo: A Holiday Speaking Game" jardueraren abiapuntua ikasle bakoitzaren oporretako argazki bat da. Ikasleak bi minutu inguruko kontakizuna prestatzen du argazkiaren inguruan etxerako lan gisa, ikastunitatean landutako 5-6 hitz edo esapide txertatuta. Argazkia noiz eta non atera zen, norekin zegoen, aurretik edo ondoren zer gertatu zen, une hartan nola sentitzen zen edo argazkia zergatik den berezia konta dezake. Ezingo du testua irakurri, baina hitz-gakoak edo ohar laburrak erabil ditzake. 
 
Kontakizun horiek gelan lantzeko, bi aukera proposatzen ditu.
  • Binaka. Ikasle bakoitzak sei laukiko txartel batean idazten ditu kontakizunean erabiliko dituen sei hitz edo esapideak, eta bikotekideari ematen dio, argazkiarekin batera. Batek bi minutuz hitz egiten duen bitartean, besteak hitz horiek identifikatu eta markatzen ditu. Ondoren, rolak trukatzen dituzte. Biek amaitutakoan, bikotez aldatu eta jarduera errepikatzen dute; hala, kontakizuna berriro egiteko eta jariotasuna hobetzeko aukera dute.

  • Talde osoarekin. Lehenik, oporren eta bidaien inguruan landutako 15-20 hitz edo esapide biltzen dituzte arbelean. Ikasle bakoitzak horietako bederatzi aukeratu eta 3 × 3ko bingo-txartela osatzen du. Ondoren, ikasleen argazkiak banan-banan erakusten dira, eta argazkiaren jabeak bere kontakizuna egiten du. Gainerakoek, bitartean, identifikatzen dituzten hitzak markatzen dituzte. Norbaitek bederatziak osatzen dituenean, "Bingoa!" esaten du; irabazteko, ordea, hitzak aipatu ez ezik, zein testuingurutan erabili diren gogoratu behar du. 
Euskara-klasera ere erraz ekar daiteke proposamena. Oporretako argazkien ordez, lantzen ari garen gaiari lotutako irudiak erabil ditzakegu, eta bingoan, dagokion unitateko hiztegia eta esapideak. Funtsean, ideia erraza da: hitz egiten ari denak ez ezik, entzuten ari denak ere zeregin bat izatea. Horrela, ikaskideen ahozko jarduerak ez dira bakarrik hitz egiteko aukera; gainerakoentzat ere entzute-jarduera bihurtzen dira.
 
Eta zuek? Zer egiten duzue ikasleek ikaskideen ahozko jardueretan arreta gal ez dezaten?