Domu Santu eguna, igandean

Domu Santu eguna, igandean

Iñaki Villoslada Fdez. -
Erantzun kopurua: 1

Santu Guztien Eguna

Santu Guztien Eguna da igandean, eta santu guztiak eta ahaide hilak gogoratzen dituen kristau-erlijioko ospakizun horren atarian jai-egun horren izenen idazkerari erreparatuko diogu. Domu Santu eguna ala Santu Guztien Eguna? Euskaltzaindiaren Jagonet zerbitzuak argitu digu zalantza hori: biak dira zuzenak, baina badute bereizgarri bat: Domu Santu eguna idazten denean, egun letra xehez idazten da, egun hitza ezabatu baitaiteke; Santu Guztien Eguna idazteko, berriz, letra larriz idatzi behar dugu egun hitza izendapenaren nahitaezko osagaia delako. Bi sinonimo ere eskaintzen dizkigu Jagonet-ek: Domu Santuru eta Omiasaindu.

Hilen inguruko euskal ohitura zaharrei erreparatuz, jasota dago garai batean, zenbait tokitan, baserrian norbait hilez gero, eta bereziki etxejauna edo etxandrea bazen, heriotzaren berri etxeko animaliei ematen zitzaiela; erleen kasuan erlategira joan eta honako hau edo antzeko zerbait esaten zieten erlauntzen aurrean:

 "erletxoak, erletxoak,

egizute argizaria.

Nagusia hil da, ta

behar da elizan argia."

 Bukatzeko, egun horretan hain tipikoa den landare eta haren lore apaingarriari  euskaraz ematen zaizkion izenak honako hauek dira: urrelili, krisantemo, domesantore-lili, omiasaindu-lore.

Eta zuk nola esaten diozu landare (Chrysanthemum sp.) honi?

krisantemoa

By Urwiki2016 - Own work, CC BY-SA 4.0, https://commons.wikimedia.org/w/index.php?curid=112700084

Gehiago

Juan Garmendia Larrañaga (1976). De Etnografía Vasca.

Euskaltzaindia. (d.g.). Domu Santu eguna / Santu Guztien Eguna. Jagonet. https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_jagonet&task=galdera&Itemid=423&lang=eu&id=20160011

Santu guztien eguna. (d.g.). Euskal Mitologia. https://euskalmitologia.com/sinesmenak/santu-guztien-eguna/

Iñaki Villoslada Fdez.(e)ri erantzunda

Er: Domu Santu eguna, igandean

Ainara Maya Urroz -
Kaixo, arratsalde on: 

Eskerrik asko ekarpen interesgarri honengatik. Nik ere entzunak nituen krisantemo, urrelili, omiasaindu-lore bezalako izenak, eta negulore ere entzun izan dut, baina ez dut aurkitu hiztegietan... hala ere, hiztegietan ez dauden hitzak ere badira eta gure euskal hizkuntzaren aberastasunaren adierazgarri, ezta? Azken hori bereziki esanguratsua iruditzen zait, neguaren atarian loratzen den landarea izendatzen duelako eta kristautasunaren aurreko termino bat dirudi, euskal sinesmen zaharrekin eta urteko antolamenduarekin zerikusi handiagoa duena.

Bestalde, aipatzekoa da Domini Saindu Egunaren edo Santu Guztien Egunaren bezperan gero eta ezagunagoa dela Gau Beltza ospatzea, Euskal Herriko tradizio zaharretan sustraiak dituen ospakizuna. Era berean, azaroaren 2an Hilen Eguna ospatzen da, hildako senide eta gertukoen oroimena bereziki gogoratzeko eguna.

Nire ustez, egun hauek lotura estua dute hizkuntzarekin, kulturarekin eta memoria kolektiboarekin. Loreei ematen zaizkien izen ugariek ere erakusten dute gure hizkuntzaren eta tradizioen aberastasuna.

Zuen inguruan, Gau Beltza, Domu Sainduak/Omiasainduak edo Hilen Eguna ospatzeko ohitura berezirik mantentzen al da oraindik?
 
Asteburu on! 
eta hil arte bizi... 
Ainara
 
___________________________________________________________________________

Erreferentzia webgrafikoak: 

Eranskina Gau Beltza Urruñan.jpg