HABEko zuzendari nagusiaren bi ebazpen eman dira argitara azken egunotan EHAAn:
Deialdiak 37,53 milioi euroko zuzkidura du, eta helduen euskalduntzea, euskaltegien finantzaketa eta irakasleen lan-baldintzen hobekuntza sustatzea ditu helburu, Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza-politikaren eta 2026-2030 Euskararen Plan Estrategikoaren ildotik. Onuradunek, besteak beste, HABEren erregistroan inskribatuta egon beharko dute, HEOCa aplikatu, zerga- eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izan, eta irakaskuntza-jarduerari, langileei eta ikasleei buruzko informazioa HABEri jakinarazi. Ebazpenak, halaber, diruz lagundu ahal izango diren jardueren baldintzak, eskaera-prozedura eta finantzaketa-irizpideak zehazten ditu.
Deialdiak 7 milioi euroko aurrekontua du, eta Eusko Jaurlaritzaren Euskara Bonua doakotasun-eredu berria garatzen du. A0A0, A1A0, A1A1, A2A1 edo A2A2 abiapuntu-mailatik hasten diren ikasleek 120 euroko hasierako ekarpena egingo dute behin bakarrik; horren truke, abiapuntuko mailaren arabera esleitutako ordu-poltsa bat izango dute, B1A2 mailara iritsi arte edo ezarritako epea amaitu arte. Halaber, Ebazpenak C1 maila sustatzeko dirulaguntza berezia ezartzen du 16-18 urteko gazteentzat: ikasleak 0,60 euro baino ez du ordainduko eskola-ordu bakoitzeko, eta gainerako kostua HABEk finantzatuko du, baldin eta gutxienez % 75eko bertaratzea eta aurrerapen akademikoa egiaztatzen badira.