Dislexia eta audioliburuak

Dislexia eta audioliburuak

par Iñaki Murua,
Nombre de réponses : 0

The Conversation webgunean argitaratutako artikulu batek  ("¿Cómo pueden los audiolibros ayudar a los niños y niñas con dislexia?") aztertzen du nola lagun dezaketen audioliburuek dislexia duten haur eta gazteen irakurketan eta hizkuntza-garapenean. Nadina Gómez Merino egilearen arabera, formatu horrek testuetara beste sarbide-modu bat eskaintzen du, ulermena erraztu dezake eta hiztegia nahiz ahozko hizkuntza aberasten lagundu. Haren esanetan, gaur egun adostasun zabala dago baliabide horiek dislexia duten pertsonentzat irisgarritasuna hobetzeko tresna egokiak direla adieraztean.

Hausnarketa hori helduen hizkuntzen ikaskuntzara ere eraman daiteke. Izan ere, audioliburua baliabide egokia izan daiteke  aniztasunari erantzuteko eta ikasleen behar desberdinetara egokitzeko. Euskara-ikasleentzat aukera interesgarria eskaintzen dute entzumenaren ulermena lantzeko, ahoskera, intonazioa eta erritmoa ezagutzeko, hiztegia testuinguruan ikasteko edo irakurketa eta entzuketa aldi berean uztartzeko. Gainera, ikasgelatik kanpo input esanguratsua jasotzeko aukera ematen dute, eta horrek lagun dezake hizkuntzarekiko kontaktua areagotzen. 

Halako materiala lortzeko, hurbileko mediateka edota liburutegiez gain, bide ona izan daiteke eLiburutegia, Eusko Jaurlaritzak sustatutako liburutegi digital publikoa. Zerbitzu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko liburutegi publikoetako bazkideek liburu elektronikoak, aldizkariak eta audio-formatuko maiterialak maileguan hartu eta gailu digitaletan erabil ditzakete. Gaur egun, euskarazko 148 audioliburu eskaintzen ditu katalogoak.