Ulises edo Odiseo

Ulises edo Odiseo

by Iñaki Villoslada Fdez. -
Number of replies: 0
Homeroren Odisea eta Euskaltzaindiaren 82. araua

Homeroren Odisea mendebaldeko literaturaren lanik eraginkorrenetako bat da, eta gaur egun ere irakaskuntzan eta kultur erreferentzietan maiz agertzen diren pertsonaia eta leku mitologiko ugari biltzen ditu. Horregatik, komeni da grezierazko izen horien euskarazko forma estandarrak erabiltzea. Euskaltzaindiaren 82. arauak (Grezia eta Erromako pertsonaia mitologikoak) Odiseako izen askoren euskal formak finkatu ditu: Odiseo (edo Ulises), Penelope, Telemako, Atena, Poseidon, Zeus, Hermes, Kalipso, Zirtze, Polifemo, Eolo, Tiresias, Menelao, Helena, Nestor, Karibdis, Eszila eta Altzinoo, besteak beste.

Izen klasiko horien euskarazko erabilera sakonago ezagutzeko, oso baliagarria da Gotzon Loberaren Ekarpen bat exonomastikari, Homeroren Odisea oinarri hartuta lana; bertan, Euskaltzaindiaren arauak bildu ez dituen hainbat izenetarako ere proposamen arrazoituak egiten dira.

Ikasgelarako proposamena

Mitologia klasikoa eta euskal mitologia uztartzeko, interesgarria izan daiteke Tartalo eta Polifemo alderatzea. Jarduera horretan ikasleek bi pertsonaien ezaugarriak, bizi diren ingurunea, heroiak erabiltzen dituen estrategiak eta bi kontakizunen arteko antzekotasunak eta desberdintasunak azter ditzakete.

Bibliografia

•    Lobera Revilla, G. (2017). Ekarpen bat exonomastikari, Homeroren Odisea oinarri hartuta. Euskera, 62(2), 667–741.
•    Mujika, M. (itz.) (2025). Odisea. Zarautz: Balea Zuria.
•    Onaindia, S. (itz.) (1985). Odisea. Bilbo: Karmel.
•    HABE aldizkaria (2008). Uda-giroan irakurtzeko ipuin mitologikoak (392. zk.).