Generoa eta Zientziaren Komunikazioaren lehenengo jardunaldia egin ondoren 2023an, dekalogo bat prestatu zuen Kultura Zientifikoko Katedrak. Dekalogo horrek estrategia batzuk eskaintzen ditu komunikazio zientifiko hobea lortzeko, genero-ikuspegia kontuan hartuta. Uste izatekoa da, zientzia-alorrean ez ezik, beste eremu askotan ere lagungarri gerta litezkeela irizpide horiek, testuak egoki sortzeko eta emakumeek duten presentzia areagotzeko.
Jarraian, dekalogoaren bertsio laburtua (osorik irakurri nahi izanez gero, klikatu esteka):
- Komunikazio arduratsua praktikan jarri: ez dago komunikazio aseptikorik.
- Kontuan izan ikerketa bat genero-ikuspegirik gabe eginez gero, emaitzak ezin direla orokortu.
- Ezarri irizpide argiak iturriak hautatzean: jarri harremanetan emakume zientzialariekin, ez bakarrik efemerideak edo STEM diziplinetan emakumeei buruzko albisteak daudenean.
- Emakume ikertzaileak normaltasunez tratatu, gizonezko ikertzaile bat bezala: haien itxura, bizitza pertsonala, jatorria, adina edo ikerketarekin zerikusirik ez duen beste edozein aldagai aipatu gabe.
- Ez erabili metafora mugatzailerik, hala nola “kristalezko sabaia”, “oztopo-lasterketa” edo “zulo beltza”. Baliatu ekintzara gonbidatzen duten esamoldeak.
- Ezagutarazi emakume ikertzailea ondo identifikatuta, adierazi haren izen-abizenak, lanpostua eta erakundea. Generikoaren eta inizialen erabilerak ikusezin bihurtzen baititu zientzialariak.
- Protagonista sinesgarriak eta imitagarriak sortu: emakume ikertzaileak benetako merituaren arabera tratatu.
- Hizkuntza ez-sexista, inklusiboa eta ez-diskriminatzailea erabili. Orokorra maskulinotzat hartzen dela jakinda, saihestu termino neutroen erabilera, emakumeak ikusezin bihurtzen baititu (adibidez, gaztelaniaz, ez erabili “x”, “@” edo antzeko flexioak).
- Edukiarekin bat datozen irudiak erabili, emakume zientzialariaren presentzia “loreontzi” gisa agertzen dutenak ekidinez. Protagonistak lehen planoan eta kamerari begira erakutsi.
- Lana amaitutakoan, begiratu egindakoa eta hausnartu: era berean tratatuko zenukeen testuko zientzialaria gizonezkoa izan balitz? Erantzuna ezezkoa edo zalantzazkoa bada, irakurri berriro dekalogoa.