Euskaltegi pribatuek eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek gelak digitalizatzeko baliabideak eskuratu ahal izateko dirulaguntza-deialdia eman da argitara (HABEko zuzendari nagusiaren 2024ko maiatzaren 29ko Ebazpena).
Diruz lagundu daitezkeen ekipamendu teknologikoak, funtsean, arbel digitalak eta proiektoreak izango dira. Gailu horiekin batera, aukerazko zenbait osagai edo modulu eros daitezke, gailu nagusiarekin batera funtzionamendu-unitate bakarra osatzen baldin badute. Tresneriak 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko azaroaren 30era bitartean eskuratutakoa izan behar du.
Dirulaguntza eskatzeko derrigorrezkoa izango da HABEren euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen Erregistroan inskribatuta egotea, eta datu guztiak egunean edukitzea. Eskariak aurkezteko epea 2024ko urriaren 14an amaituko da. 200.000 euro bideratuko ditu erakundeak deialdi horretara.