Hizkuntz kontuak

Beste sagardotegi bat izan

Beste sagardotegi bat izan

by Hasier Agirre Aranburu -
Number of replies: 0

Zer edo zerk aipagai denarekin ikustekorik ez duenean edo hizpide den horretatik harantzago doanean erabiltzen da goiko lokuzio hori. Oraindik orain baliatu du Jagoba Errekondok Landaberri irratsaioan, eta, beraz, ahozko diskurtsokoa duzue lehen adibidea. Beheko estekan klik eginez gero, entzungaiaren bukaeran duzue:

 Idatzizko diskurtsoan ere bada adibiderik:

  • Euskal Herrian askoz ere errazagoa da, salbuespenak-salbuespen, berez espainieraz idazten erosoago sentitzea euskaraz idazten baino. Ikastolako seme-alabak barne. Maltzurren batek esango du probableena bietan gaizki aritzea dela, baina hori beste sagardotegi bat da. (https://zuzeu.eus/kultura/euskaraz-idaztea-euskaraz-irakurtzea/).
  • Esango nuke museoak berak ez duela lehiaketaren formatuarekin asmatu, baina, tira, hori beste sagardotegi bat da. (NAIZ / BEGIRADA / Ander Gortatzar Balerdi / Irteera opari dendatik).
  • Edonola ere, Potten azkeneko zenbakiak, Pott tropikalak, 2000 aleko tirada izan zuen, ez dena nolanahiko zifra. Ale gehienak soto batean geratu ziren, hori bai, baina hori beste sagardotegi bat da. (https://old.uberan.eus/?gatzetan-gordeak/elkarrizketak/item/benat-sarasolarekin-solacean).

Ezagunagoak dira, luzeagoak izanagatik ere, beste (k)upel bateko ardoa/sagardoa/ozpina izan bertsio edo aldaerak. Sarean bilaketa eginda, emaitza gehiago ikusten dira halakoekin:

  • Ez zen lan zaila, hiruzpalau landare ongi ikasita egiteko modukoa. Hor ikasi nituen nire lehenengo izen zientifikoak Cortaderia selloana, Fallopia japonica eta, batez ere, Buddleja davidii. Gerora jakin dut ezpeletar baten omenez duela davidii hori, baina hori beste upel bateko ardoa da. (https://goiberri.eus/2023/02/06/zer-egiten-dute-botanikariek/).
  • Irakasleak behin eta berriro esan eta gero, azkenean ikasi nuen bi punturen arteko biderik laburrena marra zuzena dela. Laburra bada, irtenbiderik eraginkorrena ere badela ondorioztatu nuen, logikoa baitzirudien, eta begi hutsez egiaztatzeko modukoa, gainera. Eskolan funtzionatzen duenak, ordea, ez du zertan bere horretan zuzena izan kasu guztietan, bizitza beste upel bateko sagardoa baita. (https://www.enpresabidea.eus/iritzia/geltokiak_2185551_102.html).
  • Gure ustez, aldizkari haiek benetako kazetak ziren, garai hartan egiten zirenetakoak, jakina. Zergatik 1727tik Gerra Napoleontiarra arte ez den berezko kazetarik argitaratzen, zergatik Euskal Herriko kazetagintza goiz samar hasi ondoren gertatzen den atzerapena, hori beste kupel bateko sagardoa da. (https://ojs.ehu.eus/index.php/Zer/article/view/17282/15083).

Badirudi beste upel bateko sagardoa izan dela denetan erabiliena azken urteotako diskurtsoan, beste upel bateko ardoa izan aldaerak gertu samarretik jarraitzen diola. Goiburuko beste sagardotegi bat izan bertsioa ez da erabilienetakoa, baina interesgarria iruditu zait hona ekartzea, ahozko diskurtsoan txertatua ageri baita, gainerako aldaerak baino laburxeagoa izateaz batera.


Tags: