San Andres eguna azaroko azkena da; azaroaren edo zemendiaren 30a, hain justu. Azaro-abenduen mugarri edo zubi delako, hortik ulertu behar da esaera zahar hau. Batzuetan, entremes eranskina tartekatzen zaio, adiera are argiago eginez:
- San Andres, entremes, goize(a)n azaroa ta arratse(a)n ez. (Garate, 11658).
San Andres eguna (Ormaiztegi, Eibar, Azkoitia, Barrika, Lizarra…) ospatzen den lekuetan zabalkunde handiagoa bide du esaera honek. Ondorio hori atera liteke sarean begiratua emanda. Aro- edo egutegi-esaera izaki, ez zuhur-hitz da edo ez kutsu moralik du; gure egutegiaren errealitate bat egiaztatzeko edo konstatatzeko erabiltzen da, gehiagokorik gabe. Nekez topatuko dugu zabalkunde handiko egunkarietan edo argudio-testuetan; bai horratik noizbehinka tokiko prentsan, eta, lehen aurreratu bezala, normalean egun hori ospakizun duten herri edo eskualdeetakoan:
- Taloa eta txorizoa dira sanandresetako protagonistetako bi. San Andres, goizean azaroa, arratsean ez, hala dio Euskal Herriko esaera zaharrak, eta Azkoitian baiezta dezakete hori. Izan ere, neguaren atarian sanandresak ospatuko dituzte bihartik aurrera… (https://urolakosta.hitza.eus/azkoitia/1657566431114-azaroa-agurtzeko-jaiak).
Honatx, Mikel Tabernak literaturara nola ekarria duen. Txokolatezko dinamita izenburuko narrazioetan txertatu zuen, 2001ean:
- Baimena ailegatu zelako berria San Andres egunarekin eman zigun Don Estebanek, «San Andres, goizean azaro eta arratsean ez! Berri onak aspaldiko partez!». Uste baino bizkorrago ibili ziren, nonbait, Erromako alde hartan. Feria eguna genuen Lizarran, eta behar zen bezala hartu genuen notizia: tratuetako salerosketan aterako sosak, egun hartako otordu ongi hornituaren hondarrekin joan izanen ziren Ega beheiti, hurrengo primaberan harrapatuko genituen arrainen gizengarri.” (https://www.susa-literatura.eus/liburuak/narr4403).
San Andres aitzakia, esaera bat baino gehiago dituzue beheko estekan, nahi izanez gero.