Eskerrik asko, Mikel, ni zuk diozun ondoko kasuaz ari nintzen:
Kontua da batzuetan “ERE” diskurtso markatzailearen erreferentzia aditza bera edo perpaus oso bat izaten dela -esaldi deklaratiboetan, adibidez-, eta horrelakoetan zalantzazkoagoa izaten dela bere kokalekua. Kasu hauetan, nahiko normala izaten da, tradiziozko bere ohiko kokalekua utzi eta, “BAITA ERE” emendiozko partikula esaldi konpletiboaren hasieran agertzea (literaturan asko erabilia). Adibidez: “Gogoan izan dezagun, baita ere, Iparraldeko hiztegi zahar askotan aditzak aditz izenaren itxuran agertzen direla” (Euskararen Gramatika, Euskaltzaindia). Jakina, “baita ere” horren ordez eta balio eta posizio berean “halaber” edo “orobat” erabil daitezke, baina “baita ere” horrek badu aski tradizio literaturan.
Niretzat argi dago, baina hainbeste aztertzaile eta irakasleri ez direla zuzenak entzuten diedanez, ez dakit ikasleei zer esan. Halere, uste dut kontu hauek, eta bestelako beste batzuk ere mahaigaineratzea beharrezkoa dela.
Honako hauei dagokienez, zalantzarik ez:
Edozein euskalkitan
… eta X ere bai / …eta X ere ez
… eta bai X ere / … eta ez X ere
… baita X ere / … ezta X ere
… bai eta X ere / … ez eta X ere
Ekialdean
… eta bai ere X / … eta ez ere X …
Mendebaldean
baita ere X / … ezta ere X
Ez dira egokiak:
X baita ere / X ezta ere
X ere baita / X ere ezta
Ere bai X / Ere ez X
Ere X
Mila-mila esker