Agerikoa edo begi-bisakoa dena adierazteko baliatzen da goiko lokuzio hori. Hona hemen zenbait adibide:
- “Urkullu lehendakariak ez dio gezurrik «inori ez zaio gustatzen norbera bizi den lekutik hurbil jartzea» dioenean. Pernandoren egia. Susmagarriagoak dira nire belarrietara proiektuaren beste arduradunek —Saitec Offshore Technologies enpresa tartean da— botatako hitzak.” (https://www.berria.eus/paperekoa/1881/016/001/2023-09-20/armintzan.htm).
- Baten batek esango du: “Hara, konstatazio hori Pernandoren egia baino ez da!”. Arrazoi izango du, dudarik gabe; hala ere, Pernandoren egia hori esplizitatzea garrantzitsua iruditzen zaigu. (http://eguzki.org/es/2014/08/08/donostiako-aste-nagusia-2014-otro-ano-sin-matanzas-en-ilunbe/).
- “Alabaina, adar orokorragoetatik dingiliz nabilen honetan, Pernandoren egia bat gehituko dut: guztiok epaitzen dugu umorea eta umorea darabilgunean epaitzen ari gara (guztiok).” (https://www.google.com/url?sa=t&rct=j&q=&esrc=s&source=web&cd=&ved=2ahUKEwiehObf4biBAxWJUaQEHXM-DAc4ChAWegQIBBAB&url=https%3A%2F%2Fwww.jakin.eus%2Fshow%2F035f2caae8b4789b86be2bd3215536226f37ece2&usg=AOvVaw2Ra1xdNUlWArVDInqsdclJ&opi=89978449).
- “Diodan honek, berez "Fernandoren egia" den arren, badu gaur egun bere esangura eta mamia”. (Koldo Zuazo «Euskararen sendabelarrak», 2000 - 28. orr.).
- “Erreflexio honen argitara Zirkulua (Andoni Urzelai, Erein, 2004) kontsumo literatura kontsidera dezakegu, Hollywood-en egiten den zinematik hurbilago dago, Fernandoren egia bat esatera noa, Proustengandik baino.”(https://susa-literatura.com/kritikak/2005/krit0085.htm).
Adibideetatik ageri denez, komunikazio-asmoa ezberdina da guztietan, lokuzioaren esanahia bat bera izanik ere. Lehen bi adibideetan, hirugarren batek edo solaskideak esana agerikoa dela adierazteko erabiltzen da (bigarrenean, beharbada, argiago sumatzen da izan dezakeen kargu-hartze kutsua); azken hiru adibideetan, horregatik, enuntziatzaileak bere burua zuritzen edo enuntziatua leuntzen du, enuntziatarioari nolabait ere kontzesio eginez.
Pernando eta Fernando, bietara leitzen edo entzuten da azken urteotako diskurtsoan, nahiz eta p-dunak, oraindainokoan, sarean emaitza gehiago izan.
Badu, berdin-berdinak ez badira ere, kaka esplikatu lokuzioaren antzik. Kaka esplikatzea da, Orotarikoaren argitan, zer edo zer esate alde esatea, ganorarik gabe hitz egitea, eta, horrenbestez, nahiko bat etortzen da, gehienean, zerbait ebidente demonio izatearekin:
- “Kaka esplikatzea litzateke argazkiotan ikusten dena deskribatzen hastea, itsuak ere ikusiko luke.” (https://artzubi.eus/wp/blogoetak/blog/2021/07/26/txintxo-ibili-eta-erabili-garraio-publikoa/).
“Katalunia gora eta Katalunia behera, sinistekoak ez dira egunotan hedabide eta sare sozialetan entzuten eta irakurtzen ditugunak, lurralde hartan guztiak ume inozo zuntzun balira bezala. Datorren igandean, irailak 27 izango dituenean, hitz egingo dute bertako hautesleek. Beldur-ikaran dira espainiarrak. Kaka dariela daude. Eta beldur-ikara horixe bera egia tragikotzat hartuta, kaka esplikatzen ari zaie katalanei ezkerretik eta eskuinetik, goenetik eta barrenetik, inoizko alditan baino gogorrago.”. (https://blogs.diariovasco.com/bai-horixe-bizargorri/2015/09/23/kaka-esplikatu-nahi-eta-ezin/).
Ibilitako bideak:
- Wikipedia / Pernandoren egia.
- Euskal Lokuzioak Sarean / Fernandoren egiak.
- Orotariko Euskal Hiztegia / kaka esplikatu.