Azkenaldian dezente zabaldu diren *haurra etxean erditu du bezalakoak saihestekoak dira Euskaltzaindiaren Hiztegira jotzen badugu, nahiz Orotarikoan ohikoa ez den adibide bakanen bat ageri:
- Sein miñak artu eban eta an erditu nindun*. Ib. 7.
Emakumeak edo bestelako izakiren batek haurra edo kumeren bat izan duela adieraztekotan, bi egoera edo inguruabar ditugu: bata da ama (subjektua) soilik aipatzea, eta halakoetan da erako aditza erabiltzen da:
- Etxeko atarian erditu zen Nerea Sanchez, dilatazio nahikorik ez zuela eta ospitalean alta jaso ondoren (https://www.eitb.eus/eu/albisteak/gizartea/osoa/9189630/emakume-batek-osakidetza-salatu-du-bere-etxeko-atarian-erditzea-eragiteagatik/).
Bestea da, baldin umea/kumea (objektua edo osagarria) aipatu nahi badugu, da erako aditzari eutsirik objektuari -z postposizioa (instrumentala) eranstea; tradizioan maiztasun gehien duen erabilera da, baita egun erabilerarik handiena eta onartuena duena ere. Alegia, erditu aditzarekin ez dugu nork-nor edo du erako aditzik erabili behar, gaztelaniak egiten duenaren kontrara:
- Aretxabaletako Goroeta auzoan, atzo, hiru urteko behor bat moxal batez erditu zen, eta putreek jaio berria egoera oso larrian utzi zuten. (https://goiena.eus/aretxabaleta/1682078694914-putreen-erasoak-egoera-larrian-utzi-du-erditu-berri-den-behor-bat).
- Maliko emakume bat bederatzi umez erditu da Marokoko ospitale batean. (https://www.berria.eus/albisteak/197236/maliko-emakume-bat-bederatzi-umez-erditu-da-marokoko-ospitale-batean.htm)
Gomendioa
Sintaxi pisu samarreko osagarridun esaldietan badaude urratu daitezkeen beste saihesbide batzuk, erditu aditza zertan erabilirik gabe. Hortxe duzu zutaz erditu zen ama bezalakoak esan daitezke beste hauetara:
- Hortxe duzu sortu / izan zintuen ama.
- Hortxe duzu mundura ekarri (munduratu) zintuen ama.
Umea egin (animaliekin) zein haurra izan edo seina egin (Bizkaian) ere erabiltzen dira erditze-kontu hauetarako.
Bukatzeko, osorik egon esakera ere entzuten da inork oraindik ere haurdun edo umedun jarraitzen duela adierazteko:
- - Erditu al da behorra? - Ez, oraindik ere osorik dago.
Ibilitako bideak
- Orotariko Euskal Hiztegia / 2 erdi.
- Eukaltzaindiaren Hiztegia / erditu sarrera.
- Labayru Hiztegia / erditu sarrera.
- Euskaltzaindiaren Hiztegia / seina egin sarrera.