Ekialdeko testuetan ageri den -go atzizkiak bi erabilera ditu usadioan: bata, -tasun atzizkiaren baliokide-edo, aipatu atzizkia gizaki adierako izenei (ahaidego, etsaigo, adiskidego…) erantsita lortzen da; bestea, aldiz, lanbide-adiera (abeltzaingo, apezgo, udaltzaingo…) duen erabilera da, eta bietan nagusia gainera.
Kontua da euskara estandarrean gehiegi zabaldu dela -go atzizkia izen multzokariak (biztanlego, ikuslego, irakaslego…) sortzeko. Tradizioan oinarririk ez-eta, gehiegizko erabilera horri aurre egitea erabaki du Euskaltzaindiak, 73. arauaren medioz.
Gomendioa
Gehienetan, aski da plural arrunta erabiltzea (biztanleak, ikusleak, irakasleak…), izen multzokaririk batere gabe. Izen multzokaria behar izanenean, ostera, -eria atzizkia baliatzea gomendatzen da: langileria, biztanleria, bezeria…
Informazio osagarria:
Euskaltzaindiaren 73. araua: “-go atzizkia eta izen multzokariak”, Donostian, 1997ko maiatzaren 30ean onartua.