Hizkuntz kontuak

Bat edo bat / baten bat / bateon bat?

Bat edo bat / baten bat / bateon bat?

by Hasier Agirre Aranburu -
Number of replies: 0

Formen deskribapena

Euskaltzaindiaren Hiztegira jota, “bat edo bat” eta “baten bat” sarrerak ageri dira, baina ez dago “bateon bat” erakorik. Orotarikoan ere ez da azken hori sarrera gisa agertzen, nahiz beste bi sarreren barruan adibide bakan batzuetan agertu. Labayru Hiztegian, beste hainbeste: “bat edo bat” eta “baten bat” agertzen dira, “nonor” edo “nor edo nor” esamoldeekin batera, eta “baton bat” ez da aholkatzen erregistro idatzirako.  

“Baten bat” erako esamoldeetan, lehen osagaiak ez du bestelako postposiziorik hartzen, ez da aldatzen; “bat edo bat” erakoetan, berriz, tradizioan izan duen erabilerari begiratua emanez gero, ohikoena lehen osagaia bere horretan uztea den arren, ez dirudi deklinatzea ere debeku denik. Hona, Orotarikoan topatutako adibide batzuk:

  • Txantxetan ari gerala-edo pentsa dezake baten batek. (Vill Jaink 139 / OEH)
  • [Amona] oso pizkor, muserako amorratzen, baten bati errieta egiteko ere bai”. (Zendoia 79 / OEH)
  • Bat edo batek pensatzen badu / oien ordañak jartzia, / kostako zaio pasaizua / bear bezela neurtzia. (Tx B I 269 / OEH)
  • Bizi nai dauan edonok, nai ta ez, alkargo bat-edo baten sartu bearko dau. (Eguzk GizAuz 87 /OEH)
  • Nundik edo andik, etzako faltako bati edo bati berba arinen bat esateko moduba. (Astar II 151 / OEH)


Gomendioa

Euskaltzaindiak formaren bati buruzko erabakirik hartu ez duenetan edo hartu duelako ziurtasunik ez izatez gero, iturri fidagarrietara jo eta sarrerarik baduen edo ez egiaztatzea izan daiteke lehen pausoa; sarrera gisa onartuak dauden formei dagokienez, adibidetegiak emango digu arrastorik garbiena nola erabili izan den edo zein aldaera dituen jakiteko.

 


Informazio osagarria