Euskaltzaindiaren azken gramatikan oso xehe azaltzen dira birformulatzaileen gainekoak. Jorratua ematen zaie, besteak beste, dituzten balio nagusiei, esaldian hartzen duten kokaguneari edota betetzen duten funtzioaren gorabeheran izan behar luketen puntuazioari.
Gaurkoan, alegia birformulatzaile esplikatiboa nola puntuatu behar den aztertuko dugu. Horretarako, ezinbestekoa da, lehendabizi, birformulazio partziala eta erabatekoa bereiztea. Birformulazio partzialak perpaus jakin baten barruan gertatzen dira, aposizioan ematen dira; birformulatzaile erabatekoek, aldiz, perpaus biren edo gehiagoren lotura egiten dute. Ikus dezagun adibide bana, hurrenik hurren:
- Hurbilenekoa ere, Zumarragakoa alegia, urruntxo geratzen zaie.
- Izan ere, bikotekideek hildako emakumeen erdiek ez zuten inolako salaketarik jarri aldez aurretik; alegia, oso kasu larrien erdia baino gehiago Justizia Administrazioaren esku-hartzetik kanpo gelditzen dira oraindik ere (Berria).
Adibideetatik ageri denez, birformulazio partzialetan nahikoa da koma parea, baina erabatekoek komatik gorako puntuazioa eskatzen dute. Gure adibidean puntu eta koma ageri da, baina puntua ere zuzena litzateke. Bigarren adibidean, alegia koma parearekin puntuatuz gero, ez dakigu aurreko sintagmari ala ondokoari eragiten dion, eta nahasmena sortzen da.
Bestalde, lehen adibidera bueltatuta, garbi ikusten da birformulatzaile noranzkodunek, alegia birformulatzailearen kontrara, ez dutela arazorik sortzen birformulazio partzialetan, aurretik ipintzen baitira eta ondoko atalari eragiten baitiote beti, salbuespenik gabe:
- Hurbilenekoa ere, hau da (hots), Zumarragakoa, urruntxo geratzen zaie.
Hori dela-eta, alegiaren kasuan atal birformulatzailea den tartekian beste tarteki bat sartu nahi izatera, egokiagoa litzateke puntuazio zorrotzagoa baliatzea. Puntuazio zorrotzago hori adierazteko parentesiak edo marra-pareak erabili daitezke, komenentziak agintzen digun eran:
- Hurbilenekoa ere – Zumarragakoa, alegia – urruntxo geratzen zaie.
Informazio osagarria:
- Euskararen Gramatika / Euskaltzaindia / birformulatzaileen puntuazioa (2067-2070).
- Puntuazioa egoki erabiltzeko gida / Hots, alegia eta gisakoak / EIMA