Hizkuntz kontuak

-nean eta -tzean, aldiberekotasuna adierazteko

-nean eta -tzean, aldiberekotasuna adierazteko

par Hasier Agirre Aranburu,
Nombre de réponses : 0

-nean eta -tzean formak

 Euskaltzaindiak, azken gramatikan, azterketa xehea egiten du aldiberekotasuna adierazten duten goiko bi morfema horien gainean. Izan ere, aldiberekotasun-adiera horren baitan, badituzte biek ere, testuinguruaren arabera, beste azpi-adiera edo ñabardura batzuk.

 Gaurkoan hortaz, lehenik eta behin, bi morfema horien erabilera aztertuko dugu, ikuspegi estrategiko batetik zeintzuk aukera dauzkagun edo zailtasunei aurre nola egin geniezaiekeen jakiteko. Eta, bide batez, ohiko samarra den gramatika-zalantza bat argituko dugu: -nean morfemadun mendeko perpausetan aditza etorkizunean erabiltzea debeku den edo ez, hain justu.

Forma irekia da -tzean, -nean jokatua ez bezala, markatu gabea pertsona, aldi eta aspektuari dagokienez, eta, beraz, adizkian “falta” direnak eskuratzeko laguntza behar duena; perpaus nagusiaren laguntza, batez ere.

 Horrela bada, “(hura) etxean sartzean…” esaldia perpaus nagusiaren arabera ulertzen da:

“… eskua ematen zigun nagusiak”.

Etxean sartzen zenean  irakurketa eragiten du.

 

“…eskua eman zigun nagusiak”.

Etxean sartu zenean irakurketa eragiten du.

 

“…eskua emango digu nagusiak”.

Azken horrek, aldiz, sartzen denean edo sartuko denean irakurketa eragiten du. 

 

 

Anbiguotasuna saihesteko modua -tzean morfemadun mendeko perpausetan

Euskararen Gramatikan, ikusten duzuenez, perpaus nagusiak argitzen du auzia. EHULKUren aholkuetan, ordea, harantzago joanda, mendeko perpausean bertan anbiguotasuna saihesteko modua egiten zaigu, eta, gainera, forma jokatugabeei eutsita: -tzerakoan (sartzera zihoanean), -tzean (sartzen ari zela) eta -tutakoan (sartu zenean) forma jokatugabeak bereizten dira mendeko perpausaren iluntasunari aurre egiteko, perpaus nagusiaren zain egon beharrik ere gabe.


Gomendioa

Alde batetik, beraz, -tzean forma jokatugabea, oro har, -nean jokatua baino askeagoa (edo anbiguoagoa) dela izan behar dugu gogoan, eta anbiguotasun hori hausteko bideak ere, izan, badirela. Bestetik, berriz, -nean morfemak ametitzen duela etorkizuneko forma (goraxeagoko taulan letra lodiz nabarmendua) mendeko perpausean bertan erabiltzea ere. Azken kontu horren harira gehiago jakin nahi izanenean, aski duzue informazio osagarriko bigarren estekara jotzea. 




Informazio osagarria: