Bateratze-saioen ataritan gauden honetan, nire iritzia eman nahi nuke azterketak parametroka ebaluatzearen inguruan. Beharbada, balioko dio bat edo bati, edozein mailatan ari dela ere, hausnartzeko edo ondorio zenbait ateratzeko.
Izenburu probokatzailea aukeratu dut, propio. Bi hutsegite daude goiko izenburuan, baina ez berdin zigortzeko modukoak, nire ustez, nahiz eta hori mailaren araberakoa ere baden. Ez da gauza bera wahtsapp-eko foro batean “eldu” h-rik gabe idaztea edo egunkariko zutabe baterako modu horretan bidaltzea. Gaur aditzera eman nahi dudana da ezberdina dela akats batzuek edo bestetzuek diskurtsoan egiten duten kaltea.
"Eldu"-ri h-rik ez jartzea oinarrizko hutsegitea da, bai, eta zigortu beharrekoa. Baita B1 mailan ere. Ordea, zuzentasunari soilik eragiten dio. Bigarrenak, ordea, aditz-laguntzaile okerreko horrek (hobeto sentituko duzu) esaldiaren kohesioari ere eragiten dio, eta, neurri batean baita koherentziari ere, nire ustez, Andres Alberdik testuaren edukia modu argi, logiko eta LOTUAN ematea jotzen baitu koherentzia.
Eta nora iritsi nahi dut aurreko guztiarekin? Berehala ulertuko didazue: bidegabekeria galanta dela azterketaria, hala ez dagokionean, parametro bakarrean zigortzea. Bidegabekeria, lehenik, berarentzat, zor zaion kalifikazioa eman beharrean merezi ez duena ematen diogulako, erreklamazioaren tentaldira eramanez, asmorik onenez bada ere. Baina bidegabekeriarik handiena, inolako zalantzarik gabe, gainerako azterketariei egiten zaie, berdindu edo gutxienez elkarrengana hurbildu egiten baititu kaskarrak eta onak. Azterketari bat bi edo hiru aldiz ez zigortzeak, ez ahaztu, behin soilik zigortzea merezi duenari egiten dio kalte.
Goiko horrek ekartzen du, nire ustez, askotan aipatu izan dugun gorabeherarik eza eta hamabost-ingurukeria ebaluazioaldietan. Alegia, azterketa txarrak konpentsagarri edo konpentsatze-ataritan gelditzea, eta oso onak direnekin zeken eta bidegabe jokatzea. Totum revolutum horrek ziurtasuna eman lekioke aztertzaileari, baina nabarmen egiten dio kalte azterketariari.
Bukatzeko: “Hobeto sentituko duzu”-k oztopatzen ote du azterketariak adierazi nahi diguna ulertzea? Beharbada, ez, hori norberaren belarriari egiten dion minaren gorabeheran baitago. Testuaren kohesioari bai, ordea, eta inolako zalantzarik gabe, gainera. Beste adibide bat: ditxosozko ergatiboa. Ergatiboa zuzentasun-hutsegite da soilik?? “Patxi Maria ikusi du”… Nork ikusi du nor?? Patxi ikusi du Mariak edo Patxik ikusi du Maria? Edo elkar ikusi dute beharbada?? Hor koherentzia-falta ere agerian geratzen da, kohesio- eta zuzentasun-hutsegiteez gainera…
Zuzentasun-hutsegiteek, kasu askotan, beste parametroei ere eragiten diete, zuzentasun-aziertuek mesede egiten dieten bezalaxe. Sarri askotan, hutsegiteak soilik nabarmentzen ditugu boligrafoz, baina, ondo-eginak ere nabarmenduko bagenitu, gai ematen duten asko eta asko uste baino hobeak direla konturatuko ginateke, eta, kontrara, ez-gai ematen duten beste asko uste baino okerragoak. Ondo eginak eta gaizki eginak behar bezala eta modurik antzekoenean erkatzen asmatzea da, bateratze-saioek uzta onik emango badute, aurrera begira daukagun erronkarik handiena.