Lehen bidali dudan testuak, presaren presaz eta errepasatu gabe idazteagatik, begietako minez utzi nau. Arreta-faltagatik barkamena eskatu eta, berandu bada ere, hona hemen testu zuzena:
Esloganak, aforismoak eta halakoak ontzea C2ko gaitasuntzat jotzen du HEOCak.
Baina, didaktikara etorrita, aforismoei zuku handia atera dakieke.
Aforismoa testu autonomoa da, bloke naturala, ekintza komunikatibo osoa, baina ez al dezake balio gaiak sotiltasunez eta zeharka planteatzeko, zuzen-zuzenean egin partez? Zehatzago esanda: aforismo batek eman al dezake bide C2ko idazmen-proba baterako, hala euskaltegietako jardunean, nola egiaztatze-deialdietan?
Hona aste honetan bururatu zaizkidan hiru aforismo, 400 hitz inguruko saiakera txiki bat idazteko aukera eman dezaketenak, hala beroietan planteatzen den tesia berretsiz, nola arbuiatuz.
Pentsamenduaz
Aristotelesen garaian luxu bat zen pentsatzea, Galileorenean arriskua, eta gureotan salbuespena.
Egiaz
Zer da "egia-ostea" terminoa, orainaren edota iraganaren kritika?
Teologiaz
Zaila dirudi Jainkoaren izatea matematikoki frogatzeak (Kurt Gödels); baina ez ote da nekezagoa Haren ez-izatearen formula?
Lehen aforismoak hiru garai eta ahots ezberdinen gaineko hausnarketa eskaintzen dio ikasleari; bigarrena, galdera erretoriko baten bitartez, egun boladan dagoen kontzeptu baten lanketarako aitzakia da; eta hirugarrenak, ostera, existitzen denaren eta ez denaren arteko muga lausoa iradoki nahi luke.
Ahozko diskurtsorako, eztabaidetarako kasu, ere eman lezakete bide gogoetok. Gainera, ez dute batere aurre-prestaketarik eskatzen. Internetera jo, eta edozein filosofo, idazle edo pentsalariren aforismo bat begiz jotzea da egin beharreko ahalegin bakarra.