Curriculum-foroa

Gaitasun estrategiko eta soziokulturala (C1)

Gaitasun estrategiko eta soziokulturala (C1)

par Hasier Agirre Aranburu,
Nombre de réponses : 0

Hamarrekoa osatzeko, hona diskurtsoaren azterketarako labealdi honetako azken opila:

Gaitasun soziokulturala eta estrategikoa (C1)

Informazioa helaraztea omen da komunikatzea. Latinezko “communis” du erro, eta “partekatu” omen da hitz horren euskarazko ordaina. Informazioa partekatzea, hortaz.

Zer gertatzen da, ordea, informazioa partekatu nahi ez denean? Edota hizkuntzarekin gauza bera EGIN/LORTU nahi ez denean? Edota, bestela esanda, lankidetza-printzipiorik ez dagoenetan? Elkarrizketa horiek guztiak ez al dira, eurak ere, ekintza komunikatibo?

Grice filosofoak lankidetza-printzipiorako aipatzen duen bigarren maxima (nolakoa: zure ekarpena egiazkoa izan dadila) da halako ekintza komunikatiboetan betetzen ez dena. Baina zerk ekartzen du, sarritan, “nolakoa” maximak porrot egitea? Bada, hain zuzen ere, hirugarren maximak (zerikusia: zure ekarpena harira etor dadila). Eta hirugarren maxima ez betetze horrek, aldi berean, berehala ekartzen ditu lehenaren (zenbatekoa: zure ekarpenak behar beste informazio eman dezala) eta laugarrenaren (modua: ez izan anbiguoa edo iluna) porrota ere.

Baina, hirugarren maxima neure buruari aplikatu eta harira joz, hauxe adierazi nahi dut: hain zuri-beltzekoa al da, bizitza errealean, lankidetza-printzipio hori? Ez al da atrebentzia sokratiko handi samarra ekintza oro egia komunikatibo absolutu gisa hartzea?

Rajoyri  kazetari batek Gurtel auziaz zer iritzi duen galdetzen badio, eta honek “auzi hori jada epaitegietan dago eta epaileek erabakiko dute” erantzuten badio, ez al dago komunikaziorik? Nire ustez, bai, nahiz eta Grice-n maxima guztiak urratu; hor falta dena lankidetza-printzipioa da.

Ez al digu, hain zuzen, pragmatikak irakasten Rajoyren erantzunaren eta kazetariaren galderaren xedea ezberdinak direla? Beste galdera batekin erantzutea, edota hitz-bestea egitea, edota hizpidea artetsuki aldatzea, ez al da komunikatzea? Eta komunikazioa nork bere lekura eramate hori ez al da, gutxienez, C1eko gaitasun estrategikoa?

Eguneroko bizimoduan gisa horretako ekintza sasikomunikatibo askotan egon ohi gara murgilduak, eta lankidetza-printzipioa txukun urratzea uste baina zailagoa da, ironia, hitz-joko eta bat-batekotasun ahalmen handiak (C1) eskatzen baititu. Konbentzioen, arau sozialen, erregistroen eta testuinguru ezberdinen jabe izatea ere ezinbestekoa da (gaitasun soziokulturala, C1). 

Gogoan dut Tolosaldeko adindu batek “Zer moduz, aitona?” galdetuz albotik zirikatu zuenari nola erantzun zion: “Nik nahi baino okerrago, baina hik uste baino hobeto!”. Horixe bai dela esaldi batekin dena eta deus ez esatea!

“Solasaldiaren lankidetza-arauak ez dira gizalegearekin nahastu behar”, diosku, era berean, Scott Thornburyk. Horren gainean ere, asko esan liteke. Azken batean, modalizatzeko gaitasunari lotzen zaio bete-betean. Min ez ematearen eta egia esatearen artean, nahiago omen dugu lehena. Gorespen potoloen eta tamainako laudorioen artean ere, akaso, nahiago dugu bigarrena.  Beste hizkuntzetan ohikoa bada ere, euskarak beharbada maizago jotzen du ezezko esaldietara iritzi baikorrak neurriratzeko: Ez haiz alferrik jaioa, ez zara makala (kamutsa), ez daukagu saltzeko, hura entzutean ez zen haserre jarri, eta abar. Eta gauza bera egiten du iritzi ezkorrak leuntzeko ere, ezezko esaldietara jo: Ez zen giro haren ondoan!, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, hemen ez zegok berriketarik!, eta abar.

Hizkuntza unean uneko balio soziokulturalen isla garbia da. Egungo umeek guztia egiten dute “ondo”. Garai batean, poza hartzen genuen “poliki aritu haiz” edota “moldatu haiz” bezalakoak entzunda.  

Isiltasunak ere komunikazio-indar izugarria du, eta izan daiteke azalpenak leuntzeko edo modalizatzeko abagune ere. Bigarren Mundu Gerra osteko Hungarian, hala galdetu omen zion idazle ospetsu batek bere aitari:

-         Juduak al gara, aita?

Ez omen zion erantzun.

Laburbilduz, esan genezake ekintza komunikatibo gurutzatu horietan (solaskideen xede ezberdinagatik diot) gaitasun estrategiko orokorra (ironia, isiltasuna, hizpidea aldatzeko trebezia…) eta gaitasun soziokulturala (hizkuntza bakoitzaren erregistro, arau, esamolde, eta abarrak) nahasten direla, baina baita beste alderdi ezinbesteko bat ere, oro har adinean aurrera egin ahala indartzen joaten dena: aurrezagutza. Garai batean, saioa hasi baino dezente lehenagotik agertzen omen ziren bertsolariak kantatu behar zuten herrira, bertako gertakariak eta xelebrekeriak jakite aldera. Egungoak ere ezin egunkariak goitik behera orriztatu gabe plazaratu.

Behin, Lazkao Txikiri, autoa hartuta saio batera zihoala, alto eman omen zion Goardia Zibilak:

-         ¿A dónde va?

-         ¿Yo? A cantar.

-         ¿Y qué va a cantar?

-         Todavía no sé.

-         !Pues vaya cantaor de los cojones!

Elkarrizketa hartan ez zuen lankidetza-printzipioak hutsegin. Alde biko ekarpenak ziren egiazkoak, harira zetozenak, behar beste informaziokoak eta ez-anbiguoak. Hor, argi eta garbi, aurrezagutza-printzipioak egin zuen kale. Baina ezberdintasun batekin: tontotzat jo zuten bakarrak ulertu zuela han benetan nork zer zekien.


 


Baliatutako bibliografia:

Nola irakatsi berba egiten, Thornsbury Scott, HABE (Itzulpen Saila 54)