Zurrumurrua, testu-genero gisa (C1)
Zurrumurrua gure gizarteko testu-genero erreal eta sinesgarria delakoa ez da, inondik ere, zurrumurru bat, zinez egia handia baizik.
Zein da, gurean, gutxi gorabehera, zurrumurruaren diskurtsoa? Mailakatu al daiteke, gutxi edo gehiago? Zein testuingurutan gertatzen da? Eta zein ezaugarri morfosintaktiko ditu? Horrezaz arituko gara gaurkoan. Hona testu-lagin txiki bat, ondorioak atera ahal izateko:
- Pákita: Jakin al dun azkena?
- Dólores: Azkena? Zer dugu, ba, orain?
- Pákita: Jósetxoren semea! Etxetik alde eginda omen zegon. (zagon) * Biak onartu ditu Euskaltzaindiak
- Dólores: Kortaberriko Jósetxorena? Ez dun egia izango…
- Pákita: Besterik ez dun entzuten herrian, neská! Osteguna ezkero falta omen zaien…
- Dólores: Ez nain harritzen. Ibili zunan drogekin-eta nahastuta…
- Pákita: Jósetxori berari ere, mesederik ez. Pattal antzean zebilen osasunez…
Zurrumurruaren diskurtsoa
Zurrumurrua edo esamesa ez da gauza ziurra izaten; horregatik agertzen da hain sarri modalizazio logikoa, ziurtasun-zalantza graduen adierazgarri. (omen, ez dun egia izango, besterik ez dun entzuten…).
Informazioaren jabe denak hasten du, oro har, elkarrizketa, baina gerta daiteke haren solaskideak hastea ere, susmoren bat hartuta dabilelako. (Jakin-nahiak konta-nahia berekin, dio euskal esaera zaharrak). Horregatik jotzen da, ia beti, galderetara. (Bai jakin-minak, bai konta-nahiak, izugarri bixkortzen dute lankidetza-printzipioa).
Zurrumurruak, ordea, badu bigarren aldi edo fase bat, oso bitxia dena. Hasieran zurrumurrutzat aurkezten den hori, maiz, egia borobiltzat hartu eta baloratzera jotzen da. Ohikoa da, beraz, bukaera aldera, modalizazio balioeslera (apreziatibora) jotzea. (Ez nain harritzen / pattal antzean zebilen…).
Zurrumurruaren maila, testu-genero gisa
Kontaketa denboraren eta argudioa ideien bueltan ardazten diren gisan, zurrumurrua galde-erantzun bizietan (elkarrizketa informala, kasu honetan) oinarritzen dela esan genezake. Jariotasun handiz, bat-batean (C1) eta erregistro markatuan, era horretan zabaltzen dira, oro har, zurrumurruak. B2ko erabiltzailea gai da entzun duen albiste bat, aurrez aurre, jariotasunez kontatzeko, baina zurrumurruak ez al ditu beste bizitasun eta bat-batekotasun maila bat eskatzen?
Zailtasunari begira, laginean bada beste alderdi bat, oso esanguratsua. Dóloresen “Zer dugu, ba, orain?” galderari ez dio gramatikalki (bai, ordea, egoki) erantzuten Pákitak. “Josetxoren semea!” erantzuten du. Hizpidea jartzeko, zentratzeko, estrategia aparta da; egokia, hitz gutxikoa. Gero erantzuten dio galderari; hots, Josetxoren semearekin gertatu denari. Jatorrizko hiztunek oharkabean baliatzen duten estrategia, inondik ere.
Zurrumurruaren testuingurua
Zurrumurruaren testuinguruak kultur gaitasunera garamatza, zuzen-zuzenean. Barkamena aurretik eskatuz, utzidazue esaten herri txiki bateko bi atsoren diskurtsoa dela gaurko laginekoa. Noka ari dira. Erregistroa garbi dago: berdinen artekoa, herri txiki bateko bi emakume adindu jatorrizko hiztunen artekoa.
Dena dela, kultur erreferentziei begira, badira nabarmentzekoak:
2- Josetxok ez du nortasunik Josetxo gisa: Kortaberriko Josetxo da! Eta auskalo “Kortaberri” baserrikoa izateak zer esanahi daukan herri horretan. Laburbilduz: “X” Jósetxoren semea da, eta “Jósetxo” haren aita, baina Kortaberriren itzalpean daude biak. (hau landu daiteke ikasgelan umore puntu batekin, mintzapraktika bultzatzeko: baserri-ezizenak, bestelako ezizenak, etxe jakin batekoa izatearen garrantzia, beste herri batzuetan hala gertatzen den edo ez…).
Zurrumurruaren adierazpide linguistikoak
a) Alderdi fonologikoa
- Ikus azentu-markak izen propioetan eta bokatiboan (Jósetxo, neská…)
- Palatalizazioa (Jakiñ, zebillen, antxean…)
- Asimilazioa hitano-formetan (Eztun)
- Aldaketa fonetikoak (omentzagon, omentzaien, enain harritzen, drogekin-da, ostegunezkero)
Aldagai fonologiko horien guztien berri izateak izugarri errazten eta egokiagotzen du komunikazioa.
b) Aditza
- HITANOAren erabilera (noka, kasu honetan)
Hiketak bere arauak ditu, jakina. Menpeko esaldietan, galderetan, eta abar, ez da erabili behar).
- Aditzaren ikuspegi komunikatiboa: Alde egina egon (kontaketaz edo zurrumurruaz aurretiko aldi batera garamatzan aditz-esamoldea (markatze atzeranzkoa).
c) Esamoldeak
- Zurrumurru-esapideak: Jakin al dun? / alde eginda omen zagon / Ez dun egia izango… / Ez dun besterik entzuten / Osteguna ezkero falta omen zaien / Ez nain harritzen (ironia)
- Bestelako esamoldeak: Drogekin nahastuta ibili / pattal antzean ibili.
- Elipsia: Jósetxori berari ere, mesederik ez.
Zurrumurruaren inguruko esaera batzuk
- - Jakin-nahiak konta-nahia berekin.
- - Kea dagoen lekuan, sua ere gertu.
- - Gizon hori hazi-zabaltzaile galanta duk! (esamesa eta kontua zabaltzen dituena)
Azken hausnarketa
Ohiko eztabaida izaten da ikuspegi diskurtsiboa ikasgelan zenbateraino landu behar den. Esaterako, kultur erreferentziak lantzea mesedegarri al da ikaslearen komunikagaitasunean? Nire ustez, bai. Maiz entzuten da aitona-amonen eta biloben artean badagoela hizkuntzazkoa ez den leize bat, haien komunikazioa oztopatzen duena. “Nik gaurko umeei ez zie(n)at ezer ulertzen”, eta halakoak. Zer gertatzen da hor? Gaitasun soziolinguistikorik eza: komunikazio-testuingurura egokitzeko zailtasunak, gaia garatzeko eta bizimodua ulertzeko modu ezberdina ziurrenik, eta, azkenik, solaskidearengana eta testuinguru soziokulturalera egokitzeko komeriak.
Kontua, nire ustez, ez da hainbeste ikasgelan “zurrumurrua” testu-genero gisa aztertzea, ez da hori, inondik ere, eskatzen dena. Zurrumurrua testu-generoaren bertsio sinesgarri, erreal eta gure komunikazio-komunitatera egokitutakoa eskaintzea, haren ezaugarri guztiekin, hori da nire ustez egin beharrekoa. Ukaezina baita ikasleari halako bertsio erreal bat eredu gisa eskatzen bazaio hobeto moldatuko dela berari antzeko zerbait egitea egokitzen zaionean. Hori da, beraz, ekintza komunikatiboak (kasu honetan ahozko testu-genero peto-peto batean ardaztua) duen balio erantsia, bertan eskaintzen den diskurtsoa kasik oso-osorik izan daitekeela estrapolagarria antzeko egoera batean. Azken beltzean, goian aipatutako gaitasun soziolinguistikoa, islatu egiten da hizkuntza adierazpideetan, eta eragin zuzena du, hortaz, irakaskuntzan.
Eta beste kontu garrantzitsu bat. Konturatu al zarete induktiboki zenbat gramatika eta gaitasun lantzeko aukera eman dezakeen halako testu mehar batek? Zurrumurru-txankak landu daitezke (zurrumurru-nozioak), hitanoaren arauak azaltzeko probestu daiteke; ikasleak fosilizatuta dituen ezintasun fonologikoetan (azentua eta ahoskera) jarri daiteke arreta; kontaketa batean kontaketaz aurreko zerbait “nola adierazi” azaldu eta horretan treba ditzakegu ikasleak, eta, bide batez, etortzeke dagoen zerbait nola esan azaltzeko aprobetxatu; mintzapraktika egin daiteke kultur erreferentziak aitzakia hartuta; elipsiak ahozko gramatikan duen pisua nabarmendu eta landu daiteke, eta abar, eta abar.
Eta badu beste abantaila bat, ikaskuntza pertsonalizatua errazte aldera. Ikasle batek alderdi batean egingo du huts (ahoskera), baina haren ikaskideak beste batean (hitanoarekin gorabeherak), eta, hala, irakasleak ere begiz jotzen du ikasle bakoitzak bakarka landu eta hobetu beharrekoa, era horretan ikasgelaz kanpo hari komeni zaizkionak eskaintzeko.
HEOC ikastaroetan irakasle askok ohartarazi izan nau asmaturiko testuen artifizialtasunaz, eta, neurri batean, arrazoia ematen diet. Baina, gure egoera diglosikoan, ez al ditu bere abantailak ere? Zenbat hiztun daude, irratian elkarrizketatuak direnean, gaitasun fonologiko eredugarria agertzen dutenak? Bokatiboa azkenetan dago, esaterako… Beraz, hasiera batean hain naturala dirudien hori, ondo erreparatuta, ez dakit ez ote den batzuetan artifizialagoa izaten. Testuinguru naturalak ez dira, ezinbestean, nire ustez, testu naturalen sortzaile. Ikastunitatearen ardatz izango den testu eredugarriaz ari naiz, jakina.
Oharra: izen propioetan eta deikietan ageri den hori berariaz nabarmendutako azentu-marka da.
Baliatutako bibliografia:
- Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma (2015). Donostia. HABE.
- Damaso Intzakoa. (1974). Naparroa-ko euskal esaera zaarrak. Principe de Viana.
- Hitanoa.