Kultur gaitasuna (C1erako gomendioa)
“Gustatzen zaizuna egiterik ez baduzu, gusta dakizula egiten duzuna”. Ezin ukatu aldrebes samarra denik. Ez da hori euskararen mintzoa. Hona aukera batzuk:
- Ezin duzula gustatzen zaizuna egin? - Gozatu egiten duzunarekin!
- Gustatzen zaizuna egiterik ez? - Bihurtu gustuko egiten duzuna!
Lehen bietan, ordaina galde-erantzun gisa ematea da estrategia. “Gusta dakizula egiten duzuna” bihurri hori saihestea da kontua, eta galde-erantzun gisa ematea da aukeretako bat.
Lehen adibideko erantzuna, nire ustez, geureagoa da, baina bigarrena, agian, leialagoa, “gustatu/gustuko” bikotea errespetatu egiten baita. “Bihurtu gustuko” hori nahiko dudakoa da…
Estrategia bereko bi aukera horiek egokiak dira ahozkorako, ia ezinezkoa baita bat-batean ordain borobilagoa ematea. Ez da gutxi galde-erantzunaren estrategiarekin gogoratzea ere!
Baina zer gertatzen da testu idatzietan? Alegia, euskal ordain peto-petoa emateko adina denbora daukagunean? Gure esamoldeekin parekatu ditzakegula berrixeagoak diren horiek, eta, ahal den neurrian, haien kutsua eman. “Gustuko bidean, aldaparik ez” eta “Habilen bideak harrapatuko hau” esamoldeetatik, agian, atera daiteke aztarrenik.
- Gustukoan ezin baduzu, zabiltzan bidean gozatu behar.
- Gustuko bidetik ezin denean, gabiltzana zelaitu behar.
Idatzizko ordain horiek, gizarteratu ahala, bi aldiz pentsatu gabe erabil ditzakegu ahoz ere. Horixe du testu idatziak, ahozkoaren eredugarri bihurtzen dela maiz. Scott Thornbury-ren “Nola irakatsi berba egiten” liburuan aipatzen diren “pusketa prefabrikatuekin” — solaskideak zerbait askotan kontatzearen poderioz jada garunean iltzatuta dauzkan enuntziatuak — gertatzen dena gertatzen da esamoldeekin ere. Beren testuingurua eta erabilera-esparrua bereganatzea komunikazio-estrategia aparta izan daiteke erabiltzailearentzat.
Gaztelaniaz otutzen zaigun esamoldearen euskarazko ordainik topatzen ez dugunetan, berriz, ez da estrategia txarra soiltzera jotzea. “Tokatzen dena egin behar, eta ahalik eta gustuen…” bezalako esaldi arruntagoak, adibidez.