Aurreko batean, Atxagak, Berria-n, itzulpenaren garrantziaz hitz egin zigun elkarrizketa interesgarri batean. Itzulpenaren garrantziaz plazaratu zuen hausnarketa, ordea, ez da literatur munduaren ingurukoa. Egunero ingelesetik edo gaztelaniatik itzuli beharreko albiste, gertakari eta abarrez ari zen. Egunero - maiz beta handiegirik gabe - testuak ekoitzi behar dituzten profesionalez.
Gizarteko sektore zabal bati (kazetarien mezuak edota haurrentzako biologia-testuak, esaterako) zuzentzen zaizkion mezuez ari zen, batik bat.
Gauza bera al da esamolde bat euskaratzea edota gure kultur erreferentzietara ekartzea?? Esanahia errespetatuz behar du izan, jakina!!
Ea astean behin-edo, erdaraz oso errotua daukagun esamolde bat oinarritu hartu eta euskarazko ordain egokia topatzen diogun. Hona gaurkoa:
Ez egin inori ordainetan nahi ez duzunik
Ez al da beheko beste bi hauek baino askoz ere txukunagoa:
Ez egin inori zuri egiterik gustatuko ez litzaizukeena edota zuri egin diezazuten nahi ez duzuna
Azken bi horiek ez al dira erabat aldrebesak? Itzulpena ez ote da gaitasun kulturalaren esparruan sartzen? Are gehiago: Hiru esaldi horietan mailakoena ez al da eraikitzen errazena baina erabiltzen zailena??
Errazena da zailena, eta zailenak dira errazenak. Gure egoera diglosikoak egiten du zail lehena, eta horrexek berak egiten ditu zail azken bi aukerak ere; alegia, hizkuntza batek bere esamoldeez beste egineta erdaren moldepean emateak! Hizkuntza bere joko-arauetatik kanpo erabiltzeak.
Euskaraz gauzak ahalik eta errazen esateak ez al du, era berean, ikasleen motibazioa pizten? Eta ez al ditu gure hiztun-komunitatera gerturatzen?