Ahozko adierazpen- eta elkarrekintza-maila ebaluatzeko jarduera sorta bat burutu behar du azterketariak H2 hizkuntzan. Proba horietan bi bide nagusi hartu izan dute egiaztatze-sistemek: a) aztertzaileak bideratutako banakako elkarrizketaren aldeko aukeraketa; edo b) bikoteka osatutako jardueraren aldeko hautua. Cervantes Institutuak eta Trinity Collegek, beste batzuen artean, lehen aukeraren alde egin dute; aldiz, Cambridge English, Goethe Institut eta HABE bigarrenera lerratu dira.
Fruns-en hitzetan, zalantzan jarri da azken urteetan elkarrizketaren baliozkotasuna, ez baititu solasaldiaren funtsezko zenbait ezaugarri: a) planifikatu gabeko aurrez aurreko interakzioa da; b) ez dago jakiterik nola garatuko den edota zer emaitza izango duen; c) berdin banatzen ditu eskubideak eta betebeharrak; eta, d) parte-hartzeek elkarrekiko kontingentzia dute. Eta ondorioztatzen du azterketetako ahozko elkarrizketek ez dutela horrelako ezaugarririk.
Nolanahi ere, ezinezkoa da azterketa batean azterketariak eta aztertzaileak beste edozein egoeratan izango luketen jarduna berregitea: batetik, jokoan dagoenagatik, eta, bestetik, bizitza-egoera bat irudikatu nahi baldin bada ere, hizkuntza-lagin bat gararazi behar duelako aztertzaileak azterketariaren gaitasun-maila ondorioztatzeko.
Horretaz gain, aztertzaile batekin egin behar izateak estatus-maila agerian jarriko du, komunikazio-egoeran eta interakzioan eragingo duena, besteak beste, ohiko solas batean ager daitezkeen zenbait ezaugarri ez direlako agertuko, hala nola, hitza kentzea, gaiz aldatzea, ekarpena etetea …
Horrela, banakako elkarrizketek solas-izaera txikia dutela ohartuta, bikotekako probek egin izan dute leku egiaztatze-sistemetan, non bi azterketarik elkarrekintzan jardun behar duten gai baten inguruan. Fruns-ek dioenez, ezaugarri egiazkoagoak ditu solasaldiak eta baliozkoagoa da ekoizpena, besteak beste, estres eta estutasun txikiagoa eragiten dielako bikotekideei.
Alabaina, zenbait baldintza ezartzen dizkio bikotekideak solaskideari: lidergoa eta asertibitate-maila jardunean, ekarpen-bolumena, hizkuntza-maila, eta laguna edota ezaguna izatea. Ezaugarri horiek jokoan, hiru elkarrizketa-mota bereizten dira: a) elkarlanean egiten direnak; b) paraleloak, non bikotekideak modu independentean aritzen diren; eta c) asimetrikoak, bikotekide batek bere gain hartzen duenean bestea. Horrenbestez, bikoteka aritzeak ez du bermatuko ezinbestean garatuko den hizketak solasaldiak berezko dituen ezaugarriak izatea.
Ondorio horiek oinarrian, hiru galdera nagusi mahaira daitezke eta eztabaidara ekarri: 1) emaitza bera lortuko al luke azterketariak bakarka zein binaka arituz? 2) emaitza bera lortuko al luke azterketariak beste bikotekide batekin? Eta, 3) zein neurritan balditzatzen du aztertzaileak azterketariaren ekoizpena, eta, ondorioz, izan dezakeen arrakasta-maila?
Erreferentzia bibliografikoa:
- Fruns, J. (2015). Hautagaiaren eta elkarrizketatzailearen arteko elkarreraginaren kudeaketa ahozko azterketan. Hizpide 87 (2015), 21-37.or.