Xede berezietarako hizkuntz irakaskuntza. Historia, joerak eta arazoak

Argitaratua: Friday, 10 August 1990, 9:35 AM
Ikerketak

Artikulu honen helburua Xede Berezietarako Ingelesaren (ESP, English for Specific Purposes) arloan egindako bidearen eta haren inguruan eta baitan sortu diren eztabaida nagusien azalpena egitea da. Helduei zuzendutako bigarren hizkuntzen irakaskuntzak ingelesaren kasua du emankorrena, eta artikulu honen gai den arlo jakin horretan izugarria da ingelesaren inguruan egin den lana, beste hizkuntzekin alderatuz. Hala ere, ez da ingelesaren kasuan bakarrik gertatzen ari den joera: gero eta gehiago ari da zabaltzen xede berezietarako hizkuntz irakaskuntzaren eskaera. 

Adibidez (txantxetan ari garela irudituko zaizue agian, baina halaxe da), abioi supersonikoen aerodinamikari buruzko idazki zientifikoak irakurtzeko errusiera, Senegal- en tropikoko nekazaritzan aditu-lanetan aritzeko frantsesa, elektragailuak enpresa portugaldarrei saltzeko portugesa, etab. Termino hauetan definituriko eskakizuna duten ikasleen kopurua igo egin da azken urte hauetan.