Testu-motak: sekuentzia eta hizkuntz ekintza

Argitaratua: Sunday, 18 May 2003, 3:25 PM
hizpide 53

Hiru erreferentzia nagusi ditugula dihardugu euskaltegi-kurrikuluak lantzen. Oinarria: HEOK dokumentua (HEOK: Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulua). Printzipio bateratzailea: ekintza (eginkizun) komunikatiboa. Eta gidaria: Jean-Paul Bronckarten Activité langagière, textes et discours liburua.

Azken batean, zerbait egitea da hitz egitea: norbaitekin hizketan (elkarrizketan) jardutea, norbaiti zerbait esatea, hitzaldi bat ematea, gutun bat idaztea, ohar bat idaztea… Horiek dira ekintza komunikatiboak, eta testutan (ahozkotan nahiz idatzitan) hezurmamitzen dira.

Testuaren eraketa aztertuz, diskurtso-tipoak azaldu genituen aurreko alean, HIZPIDE 52.ean, Bronckarten lana abiapuntu hartuta. Ildo beretik, testu -motak landuko ditugu hemen, berriro ere Bronckart abiapuntu. Baina, oraingo honetan, bereizketa bat kontuan hartuta. Izan ere, testu-motak (eta, aldeak alde, diskurtso-tipoak), testu-antolaketaren elementu (sekuentzia) ez ezik, hizkuntz ekintza ere badira.

Horrela, gauzak argixeago gera daitezke, kurrikuluaren lau osagai nagusiak (helburuak, edukiak, metodologia eta ikaslearen ebaluazioa) zehazte eta biltze aldera.