Kanadako murgil-programak

Argitaratua: igandea, 1987(e)ko apirilaren 5(e)an, 15:35(e)tan
Beste iturrietatik

Artikulu honen helburua Kanadako eskola eta unibertsitateetan egindako saiaketa interesgarri batzuk aurkeztea eta aztertzea da. Baita ere, hango esperientziatik atera ditzakegun ondorioak ikertu nahi ditut. Hain zuzen ere, Kanada zuen aztergai nagusi aldizkari honen lehenengo aleak. Hala ere, ale hartan esandakoa eta nik oraingo honetan arakatuko dudana oso gauza ezberdinak dira. 

ZUTABE aldizkariaren gai monografiko hartan, artikulu gehienak gizarte mailan kokatu ziren; hizkuntzen egoera juridikoa eta haren azpian dauden indar sozialak ikertu zituzten, batez ere. Hemen, aldiz, Kanadako ikasgeletara jaitsiko gara, hizkuntz irakaskuntza aztertzeko. Geografiaren aldetik ere badago aldea bi aztergaien artean. ZUTABEren lehenengo zenbakian Quebec zen aztergai berezia. Hemen Quebec-eko egoeraz ez ezik, Kanadako beste probintzietan egindako esperientziez ere arituko gara. Aztertu nahi ditugun hizkuntz murgil-programak Quebecen hasi ziren, baina Kanadan zehar zabaldu dira; eta bildu ditugun datuak Ontario-tik datoz neurri handi batean.