Didakteka
Euskadi Irratiko JON eta JONE irratsaioaren lanketa didaktikoa IKASBIL atarian
- Atala:
- Irakasten-arloak:
- Ikasbil atazak

- Atala:
- Irakasten-arloak:
- Ikasbil atazak
- Bisitak: 442
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 0
Euskadi Irratiak Prime time tarterako eduki gisa, astelehenetik ostiralera, 07:55ean eta albistegi nagusiaren atarian emititzen ditu hiru minutu inguruko fikziozko saio hauek. Euskadi Irratia eta HABEren arteko lankidetzari esker, atal hauek guztiak IKASBIL atarian aurkituko dituzue gidoi eta guzti. Horretaz gain, B2 eta C1 mailetako euskara-ikasleentzat jarduerez hornituko ditugu eta atarian eskegi.
Jon eta Jone fikziozko saioen ezaugarriak
Irratsaio hauen helburu nagusia entzuleari tarte entretenigarria eskaintzea da. Horretarako, gaien eta egoeren aukeraketa asko zaindu da eta ahozko ereduan oinarrituta idatzi ditu gidoiak Koldo Almandozek. Hizkera naturala erabiltzen du, etenaldi, errepikapen edo elipsiak bere horretan azalduz. Bikote arrunt batek eguneroko harremanetan, era naturalean egin dezakeen hizkera darabilte, ohiko egoera hurbilak erakutsiz, umorea tartekatuz eta euskalkiak nabarmenduz (bizkaiera eta gipuzkera, kasu honetan).
Saioen ezaugarri hauek B2 eta C1 mailetarako ikasleentzat langaiak sortzeko oinarrizko input gisa oso erabilgarri bihurtzen ditu, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumak (HEOC: HABE, 2015) ezarritako irizpideak kontuan hartuz. Alde batetik, curriculumaren oinarrizko ikuspegia aintzat hartuta, ekintza komunikatibo baten edo batzuen adierazle dira. Beste alde batetik, B2 eta C1 mailei dagokien gaitasun soziolinguistikoa, testuala, linguistikoa eta estrategikoa garatze aldera, maila horietan zehaztutako edukiez osatutako ahozko testuak dira.
Jon eta Jone fikziozko saioen ustiapen didaktikoa
Jon eta Jone saioen kapitulu bakoitza sekuentzia didaktiko baten oinarrian dagoen hizkuntza-inputa izango da. Sekuentzia hauetan ahozkoaren ulermena eta mintzamena lantzeko proposamen didaktikoak egongo dira, taldeko eta bakarkako ikasereduak konbinatuko dituen aukera metodologiko bati jarraiki.
Sekuentzia didaktikoaren gidaritza irakasleak izango du eta Irakaslearen gidan aurkituko ditu xehetasun guztiak.
Sekuentzia hauen ezaugarri nagusiak hauek dira:
Jon eta Jone atalak ikasgelan entzungo dira, baina entzunaldi horiek eta dagozkien azken atazak etxean bakarka prestatuko ditu ikasleak. Hori dela eta, sekuentzia guztietan ikasleak etxean eginbeharreko lan autonomoa izango du. Lan hau gidatua izango da, helburua zein den ikasleak argi jakingo du. Batzuetan beharrezkoa izango da, izan ere, egin ezean, ikasgelako lana desitxuratuta geratuko baita. Beste batzuetan, osagarria eta aukerazkoa izango da.
Ikaslearen orrian izango ditu ikasleak argibide guztiak eta baita online egiteko atazarako sarbidea ere.
Argitalpena
Sekuentzia didaktiko eta entzungai guztiak IKASBIL atarian argitaratuko dira.
• Irratsaio-atalak Euskadi Irratiak emititu eta astebeteko aldearekin aurkituko dituzue IKASBIL atarian. Emisioak 2015eko uztaila arte iraungo du.
• Sekuentzia didaktikoak: lehen ataletik hasita astero bi sekuentzia argitaratuko ditugu IKASBILen. Sekuentzia guztiak 2015eko abendua bitartean argitaratuko dira.