Instrumentala: -ez/-etaz atzizkiak

Argitaratua: asteartea, 2016(e)ko uztailaren 5(e)an, 13:31(e)tan
Alex Mungia

Instrumentalaren kasuan, *arazoetaz  forma eta gisakoak ez dira egokiak batasunerako, nahiz eta hiztunek sarri erabili. Pluraleko atzizkia –ez da (arazoez, ez *arazoetaz)  eta batzuk zenbatzailearen plurala batzuez da, ez *batzuetaz.

Mugagabean -(e)z  egiten badu ere, erakusleen eta izenordainen kasuan –etaz  ageri da: honetaz, horretaz, hartaz, gutaz, zutaz, nitaz, etab. Berdin pluralean ere: hauetaz, horíetaz, haietaz.

Gainerako izenkien kasuan,  euskara idatzian ez dira forma horiek onartzen: *semeetaz, *etxeetaz, euskara bizian erabiliak diren arren.

Instrumental mugatu plurala adierazteko, “-EZ”  kasu-marka erabili:

BAI

EZ

  •          gure seme-alabez...
  •          bi begiez...
  •          hark esandako gezurrez...
  •          gobernuaren legeez...
  •          gure seme-alabetaz...
  •          bi begietaz...
  •          hark esandako gezurretaz...
  •          gobernuaren legeetaz...

 

Mugagabea adierazteko,  “-EZ” edo “-Z” kasu-marka erabili, izena kontsonantez ala bokalez bukatzen den:

BAI

EZ

·         hainbat gezurrez 

·                   hainbat gezurretaz

·         zenbait mutilez

·                  zenbait mutiletaz

·         hiru semez

·                  hiru semetaz

·         bi begiz

·                  bi begitaz

 

Honako kasu hauetan, aldiz, zilegi dugu “-(E)TAZ” kasu-marka erabiltzea:

  •          Pertsona-izenordainekin [nitaz, hitaz, gutaz, zutaz, zuetaz...]:  Nitaz gogoratu zara.
  •          Erakusleekin [honetaz, horretaz, hartaz, hauetaz, horietaz, haietaz...]: Legelaria arduratu da horretaz.
  •          Galdetzaileekin [zertaz, nortaz, zeinetaz (zeinez ere bai)...]: Nortaz ari haiz?
  •          Izenordain mugagabeekin: zerbaitetaz (zerbaitez ere bai), ezertaz, deusetaz (deusez ere bai)...: Ez gara ezertaz jabetzen.

Halaber, Euskaltzaindiak emandako formetan ontzat jotzen dira honezaz, horrezaz eta halakoak.

 


Gehiago sakontzeko: