Hizkuntza-teknologiak euskararen irakaskuntzan

Argitaratua: Monday, 23 September 2019, 12:02 PM
UEU

Teknologiaren garapena eta berrikuntza ugaria da, aplikazioak eta baliabide digitalak sakabanatuta daude eta sarri askotan daudenik ere ez da jakiten. Beste batzuetan teknologiak ahalbideratzen du eskolan egiten duguna beste modu batera egitea, baina zaila izaten da egunerokoari buelta ematea eta jardunbide teknopedagogiko egokietan sartzea. Ez da nahikoa euskarri digitalean betiko praktika errepikakorrak egiten jarraitzea. Baliabide digitalek hizkuntza-erabilera eta ikas-prozesua indartu behar dute.

Ikastaro honetan hezkuntza- eta hizkuntza-teknologiak ikuspuntu kritiko batetik garatuko dira. Hasteko, bi teknologia mota horien arteko erlazioa zein den azalduko da eta hizkuntza-teknologiaren galdera nagusiak landuko dira, esaterako: Nola lagun dezake hizkuntza-teknologiak eskolan? Non lagunduko luke hizkuntza-teknologiak eta analisi automatikoak hizkuntzaren i(ra)kaskuntzan? Tarteko hizkuntza prozesatzeko eta ikasleei feedback automatikoak emateko zer behar dugu? Zein dira egun premiazko proiektuak eskolan ikerketako hizkuntza-azpiegiturek laguntzeko?

Behin ikuspegi teoriko kritiko hori landuta eta auzo hizkuntzetan egiten diren praktikak ezagututa, euskaraz zer egin daitekeen landuko da modu praktikoan idatzizko eta ahozko trebetasunak kontuan hartuz. Ondoren, auzo hizkuntzetan dagoen teknologiarekin ariketa praktikoak egingo dira. Eta, bukatzeko, euskaraz zer behar dugun hausnartzeaz gain, ikasleak (irakaslearen laguntzarekin) hizkuntza-teknologian oinarritutako ikas-unitatea diseinatuko du.

Ikastaroa online izango da, nagusiki. Aurrez aurreko saio bi izango ditu:

  • ikastaroaren hasiera-egunean: urriaren 4an (17:30-19:00).
  • ikastaroaren amaiera-egunean: azaroaren 8an (17:30-19:00).

Saio horiek UEUren Ikastetxe Nagusian izango dira (Otaola hiribidea, 1. Eibar).