Euskaldun berria, euskararen euskarri

Argitaratua: Monday, 30 May 2016, 10:54 AM
Erkizia

Hirurehun mila hiztun baino gehiago irabazi ditu euskarak azken hiru hamarkadetan; bi heren hezkuntza sistemak datozkionak eta heren bat helduen euskalduntzetik. Horixe da, hain zuzen, Joseba Erkizia HABEren zuzendari nagusiak BERRIAn azaldutakoa. Hemendik hogei urtera ere helduen euskalduntzearen sareak euskaldun berriak ematen jarraituko duela adierazi du, betiere, euskaldun berria teknikoki honela definituta: abiapuntua Hizkuntzen Europako Markoaren A2 maila edo txikiagoa izanik, B1 maila edo handiagoa eskuratzen duena.

Etorkizun hurbilean, elebidunen hizkuntza gaitasun erlatiboa zaindu beharreko faktorea dela gaineratu du, besteak beste, badelako gure gizartean —batik bat euskaldun zaharren artean— pertzepzio edo joera zabal bat: euskaldun berria hizkuntza gaitasun mugatuarekin identifikatzea eta, ondorioz, haren meritua eta ekarpena gutxiestea. Horretaz gain, euskaldun berriari —eta bidez batez euskarari- egin dakiokeen mesederik handiena aintzat hartzea eta euskaraz egitea dela azpimarratu du.