Erlatibo aukerak euskaraz. Ikasi eta irakatsi

Argitaratua: osteguna, 2005(e)ko maiatzaren 12(e)an, 16:15(e)tan
hizpide 49

Lan honetan, bi esparru nagusi jorratuko ditugu. 1. atalean, izen ardatzaren ezkerreko erlatibo arrunt kanonikoak aipatzeaz gain, zabal arituko gara izen ardatzaren eskuin (ere) hedatzen diren erlatibo jokatuez. Eta 2. atalean bereziki aipatuko ditugu euskaraz erlatibatzen zail edo bitxi gertatzen diren egiturak (gizona, zeinaren etxea …, gizona zeinarekin …, gizona zeinarengan… itxurakoak), eta  euskaldunok eguneroko hizkeran halakoak arruntago emateko erabili ahal eta ohi ditugun moduez zeinismoaz beste (bereziki izenordain erresuntiboen 1 erabilera). Atal nagusi hauezaz gain, 3. atalean aipatuko ditugu aditz jokatugabe bidezko erlatiboak (izen ardatzaren ezker eta eskuin). 4.a eskainiko diegu ageriko izen ardatzik gabeko erlatibo libreei. Eta 5.ean aipatuko ditugu izenen mendeko diren beste era bateko esaldi izenlagunak.

Lan honek dibulgaziokoa eta didaktikoa nahi luke izan izenen esaldi laguntzaile mota “guztion” inguruan, eztabaida eta frogaketa sakonegietan sartu gabe. Baina jakin bedi honen oinarrian badela ikerketa lan burutsuagorik. Batez ere, De Rijk eta Oihartzabalenak, Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen 1999ko Perpaus erlatiboak (EGLU-V deituko duguna), Alberdi, Garcia eta Ugartebururenak, eta Hidalgorenak (2002a, 2002b, 2003, 2004a, 2004b).