Ebazten dut

Argitaratua: Friday, 11 May 2007, 3:30 PM
Hizpide 64

Sarritan sortzen zaizkigu zalantzak, bai hizketan eta bai idazten ari garela, baina ez dira denak berdinak izaten. Artikulu labur honetan, euskarazko zalantza esanguratsu batean jarriko dugu arreta; alegia, zer formula erabili lege, dekretu, agindu, ebazpen eta horrelako idatzietan: “xedaTU dut”, “ebaTZI dut” eta antzekoak ala “xedaTZEN dut”, “ebazTEN dut” eta antzekoak?

Txikikeria dirudi, baina hizkuntzaren funtsa-funtsari dagokio. Auzia ebazteko, gramatikara baino barrurago jo behar dugu: hizkuntzak gauzatzen duen ekintza komunikatibora. Eta hain da berezia ekintza komunikatibo hori, non arreta eta eginahala areagotzea eskatzen digun, atzeman nahi badugu.

Hain zuzen, azken batean, horixe ari zaigu eskatzen HEOK: arreta eta eginahala areagotzea, hiztunak hitz eginez eta idatziz gauzatzen dituen ekintza komunikatiboak atzemateko, horiek oinarri eta ardatz hartuta eraiki dezagun geure jarduera didaktikoa. Hemen, hasteko, ea asmatzen dugun aipatutako auzia ebazten.