Ebaluazio jarraitua

Argitaratua: asteartea, 2016(e)ko apirilaren 26(e)an, 17:57(e)tan
Alex Mungia

Azken boladan, izugarri zabaldu dira ebaluazio jarraiaren modukoak, nahiz eta tradizioan nekez topatuko dugun horrelakorik.

Euskaltzaindiaren hiztegiari erreparatuz gero, honako azalpen hau irakur genezake:

jarrai 2 [Oharra: Euskaltzaindiak, jarrai-k, izenondo gisa, euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, kasu horretan, jarraitu eta jarraiki erabiltzea gomendatzen da: hots, hezkuntza jarraia eta kidekoen ordez, hezkuntza jarraitua edo hezkuntza jarraikia erabiltzea].

jarraitu 2 izond. Etenik edo etenaldirik ez duena. Ik. etengabe. Errotaren hots jarraitua. Otoitz jarraitua egin beharrean.

Jarraitu eta jarraiki izenondoen parean, euskaraz baditugu etengabe eta etengabeko ere: etengabeko ebaluazioa, etengabeko marra...  Euskaltermek, esate baterako, etengabeko ebaluazioa terminoaren hautua du eginda. Ondorioz, egokiak dira bi aukera hauek: bai ebaluazio jarraitua edo jarraikia, baita etengabeko ebaluazioa ere.

Beraz, ebaluazio jarraia eta gisakoen ordez, ebaluazio jarraitua da forma egokia (edo, bestela, etengabeko ebaluazioa).

Desegokia

Egokia

Ordutegi jarraia

Ordutegi jarraitua (jarraikia)

Lanaldi jarraia

Lanaldi jarraitua (jarraikia)

Marra jarraia

Marra jarraitua (jarraikia)

Funtzio jarraia

Funtzio jarraitua (jarraikia)

 


Gehiago sakontzeko: