"Bideoteka" orain Irakasbilen

Argitaratua: Thursday, 19 May 2022, 10:42 AM
Irakasbil

Irakasbileko menu nagusian erlaitz berri bat dago: “bideoteka”. Hala, nahiz eta hasieratik webgunean bideoak egon ─ horien berri izateko nahikoa da bilaketan eduki modura “bideoa/entzungaia” hautatzea ─ beste urrats bat eman nahi izan da eta modu argiagoan erakutsi.

Bideoteka Irakasbilen

Hiru dira bertan, momentuz, bilduko ditugun edukiak:

  • Bideo nabarmenduak: beste bi multzoetan egon litezkeen arren, dena delakoagatik azpimarratu nahi direnak edota lanketa bereziagoa dutenak.
  • IFB Irakasleen formaziorako bideo-saila: egun DVD formatuan eskura dauden edukiak ─HABE Liburutegian, esaterako─ era digitalizatuan ere igoko dira orain. Batez ere, HABEk antolatutako prestakuntza-saioen baitan emandako hitzaldiak daude jasota bilduma horretan.
  • Ikastaroetako laburpenak: egun antolatzen diren prestakuntza-saioetan aritzen diren irakasleek grabaturiko bideo laburrak; landutako gaien eduki nagusiak azaltzen dira horrelakoetan.

Adibide gisa, 1998an Felipe Zayasek emandako bideo-hitzaldi baten zati bat (bai, halakoak ere antolatzen ziren joan den mendean!) hautatu dugu “Bideo nabarmenduak” atalerako, hark orduan esandakoak oraindik ere interesgarriak direlakoan.

Beti bezala, aditzeko prest gauzkazu antolaketarako (edo webgunerako oro har) hobekuntza-proposamenik egiteko baduzu.